Badator 24. Korrika, "Euskara gara" leloa lau haizetara aldarrikatuz
Korrikaren 24. edizioak joan den eguenean, martxoaren 19an, eman zituen lehen urratsak Atharratzen, eta Euskal Herria zeharkatzen dihardu, domeka honetan, martxoaren 29an Bilbora iritsi arte.
Zapatu iluntzean, 20:30ak aldean sartuko da Soraluzen, Euskara gara leloa aldarrikatuz; Elgoibartik etorriko da eta Eibarrera joango da gero. Sei kilometro inguruko ibilbidea egingo du 24. Korrikak Soraluzeko kaleetan zehar, eta herriko 25 eragilek eroango dute lekukoa, eskuz esku.
Korrika Txikia barixakuan
Azken urteotan, Ludoteka eta Gaztelekua arduratu dira Korrika Txikiaren antolaketaz; aurten, ostera, Plaentxi Herri Eskolak eta Soraluze BHI Institutuak hartu dute antolaketaren lekukoa, eta goizean zehar egingo da euskararen aldeko herriko lasterketa txikia. Lasterketa amaitu ostean, Plaza Barrixan elkartuko dira korrikalari guztiak eta ekitaldi txiki bat egingo dute.
11:00etan abiatuko da Korrika Txikia Frontoi zaharretik hasita, bi itzuli emango dituzte eta ikasmailaz ikasmaila joango dira korrikalariak lasterketarekin bat egiten. Hauxe izango da Korrika Txikiaren ibilbidea:
- Frontoi zaharra
- Zubi Nagusia
- Baltegieta kalea
- Gabolatseko zubia
- Gabolats kalea
- Plaza Zaharra
- Kalebarren
- Plaza Barrixa
Korrika Txikiak irauten duen bitartean, erdigunea oinezkoentzako bakarrik izango da eta ibilgailuentzako unean uneko bide mozketak izango dira.
Arratsaldean jarraipena izango du Korrika Txikiaren festak. Izan ere, Kukumixok, Ludotekak eta Gaztelekuak antolatuta jolas-txokoak egongo dira; buruhandiek, buruarinek eta txistulariek alaituta, kalejira egingo da; Mugi Boogie DJak giroa berotuko du.
18:30 Mugi Boogie DJa, Plaza Zaharrean
24. Korrika Soraluzen
Zapatuan. martxoaren 28an, iritsiko da Korrika Soraluzera, eta egun osoko egitarau oparoa antolatu du Korrika Batzordeak. Eguardi partean, Latuna Bando txarangak erdigunea girotuko du; arratsaldean, jan-edana eskainiko du Ikasbidaiko taldeak Gaztetxean; gauean, berriz, Alarma Morea taldearen kontzertua egongo da.
22:30 Alarma Morea taldearen kontzertua, Gaztetxean
Euskararen aldeko lasterketari dagokionez, 20:30ak aldera sartuko da Soraluzen eta hauxe izango da Korrikak herriko kaleetan zehar egingo duen ibilbidea:
- Mendiola industrialdea
- Estaziño kalea
- Santa Ana kalea
- Kalebarren
- Gabolats kalea
- Mendiola industrialdea
Korrika Kulturala bizi-bizi
Korrika Batzordeak aurreko egunetarako ere antolatu ditu ekintzak Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan. Gaur, eguena, martxoak 26, bertSora bertso taldearekin batera bertso-poteoa izango da 19:00etatik aurrera herrigunean. Bihar, berriz, barixakuan, martxoaren 27an, Komedia gaua antolatu dute Galtzagorriek arratsaldeko 19:30ean, Gaztetxean.
Korrika Batzordeak eta antolaketan diharduten talde eragile guztiek soraluzetarrak animatu nahi dituzte 24. Korrikan zein Korrikarekin lotuta antolatu diren ekintzetan parte hartzera, bai eta euskararen erabilerari gogotsu heltzera.
