Gaztetxoentzako harmonika ikastaroa eta Ina Forsmanen kontzertuarekin hasiko da musika beltzaren asteburua, "Blues Hotsak" jaialdian
Blues Hotsak jaialdia antolatu du zazpigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude barixakurako antolatutako bi ekintzak: gaztetxoentzako harmonika ikastaroa eta Ina Forsman musikari finlandiarraren kontzertua.
Harmonika tailerra
Joan Pau Cumellas harmonika-jole katalanak hamar urtetik gorako gaztetxoentzako tailerra eskainiko du barixakuan, azaroaren 21ean. Tailer honek harmonika diatonikoarekin lehen urratsak ematera gonbidatzen ditu gazteenak. Instrumentu intuitiboa denez, hasiera-hasieratik musika egiteko aukera ematen du. Modu praktiko eta dibertigarrian, blues, folk eta beste estilo batzuetako erritmoak eta doinuak jotzen ikasiko dute parte-hartzaileek.
Harmonika muga harrigarrietara eramaten duen musikaria da Cumellas. Bluesa, jazza edo bluegrassa bezalako estiloak konbinatzeko gai da teknika paregabearekin eta harmonika metodoak sortzeak, eskoletarako kontzertu didaktikoak zein jaialdietarako tailerrak eta mundu osoko ikasleentzako ikastaroak emateak prestigio handia eman diote.
Ina Forsman
Ina Forsman jatorri finlandiarreko musikaria da, karisma handiko frontwoman enigmatikoa. Barixakuan kontzertua eskainiko du blues, funk, soul, gospel eta gumbo doinuak nahastuz oholtzan.
Sarrerak Iratxo goxotegian edo online eskura daitezke, esteka honetan: Ina Forsman