Ezozi auzoko parkea eraberritzeko lanak aste honetan hasi dira eta bi aste inguru iraungo dute
Soraluzeko Udalak udalerriko parkeen diagnostikoa osatu zuen 2024an eta harrezkero honi lotutako ekintzak egiten dihardu. Parke batzuetan txukunketak, konponketa puntual nahiz partzialak eta beste batzuetan, aldiz, eraberritze osoak egin ditu, San Andres auzoko parkean kasu.
Diagnostikoa abiapuntu, Ezozi auzoko parkeak ere eraberritze oso bat behar zuela ondorioztatu zen eta behar horri erantzutera dator parkearen berrikuntza osoa.
Parke berriaren elementu eta ezaugarriak
Iaz herriko hainbat ume eta familiengandik San Andres auzoko parkearen prozesuan jasotako hainbat proposamen kontutan hartu dira Ezoziko parkearen diseinua egiterakoan; baita landa eremuan kokatuta egotearen garrantzia ere.
Jolas eremu berrian honako ezaugarriak indartzeko apostua egin da: naturarekiko harremana sustatzea, esperimentazioa eta sorkuntza bultzatzea, sozializazioari eta hausnarketari bide ematea, mugimendu askea oinarri izatea, erabilera aukera zabala eskaintzea eta segurtasuna behar bezala bermatzea.
Kimubat enpresak osatu du proiektua eta honako eraberritze-lan eta elementu berriak txertatuko dira:
- Jolas elementu berriak: pendulo jolasa, sortzaileen etxola, zanko jolasa eta robiniazko hamakak.
- Oinarrizko hainbat lan egingo dira: itxiturako listoiak berritu, eremuko zuhaixka eta zuhaitz inguruak txukundu, miranda harrixka txertatu, belar ereite berriak egin, kare harri etzanak kolokatu, banku berriak ipini…
Joan den neguan Herri Antzokian eskaini zen Amazonia gara ikuskizunean Porrotx eta Marimotots pailazoek herriari oparitutako pagoa ere Ezoziko parkean landatuko da.
Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du herria zein natur ingurunea zaintzea denon ardura dela.

Herriko haur eta gazteekin landua
Parkeen diagnostikoa Haur eta Nerabeen Kontseiluetan landu izan du udalak eta kontsultarako organo hauetan ere, eta proposamen, ideia eta ekarpen ugari jaso dira bertan.
Horrez gain, azken asteotan herriko txikienekin ere dinamika berezi bat egin da Ludotekaren bitartez parkeen diagnostikoari dagozkion ekarpen berriak jasotzeko eta Ezozi auzorako proiektu berria haiekin partekatzeko.
Lanen ardura eta finantzaketa
Ezozi auzoko parkea eraberritzeko lanez K1 Ekopaisaia SLL (Kimubat) enpresa ari da arduratzen eta kostua 36.953,3€, BEZ barne, izango da.
Aurreikusten da bizpahiru astean amaituko direla lanak eta parkea jolaserako erabilgarri egotea ekaina erdialdetik aurrera.
