Soraluzeko jaietarako hainbat ohar eta jaiak iragartzeko bideo laburra: uztailak 24, eguena

Soraluzeko jaietarako hainbat ohar eta jaiak iragartzeko bideo laburra: uztailak 24, eguena

2025/07/15
Kalean da dagoeneko 2025eko Soraluzeko jaiak iragartzeko lehenengo bideo laburra, uztailaren 24ko ekintzen berri ematen duena; tortila lehiaketako izen-ematea zabalik dago eta zapiak aterako dituzte udalak eta Galtzagorri jai batzordeak.

Pasa den astean hasi zen Santiago eta Santa Ana jaietarako giroa berotzen programa etxez etxe banatuta; formatu digitalean ere zabaldu zen, lotura honetan ikusgai dena: Soraluzeko jaiak 2025.

Gaurtik hasi eta barixakura bitarte, berriz, bideo laburrak argitaratuko dira udalaren webgunean eta sare sozialetan egun bakoitzeko egitarau guztiarekin. Horrela, herritarrek ekintza bakoitza hobeto irudikatu ahal izango dute eta jaietan zehar izango diren ekitaldi zein musika proposamenak ezagutu.

Hona lehenengo bideo laburra, uztailaren 24ko egitaruarekin:

Gaztetxoentzako tortila lehiaketako izen-ematea zabalik

Udalak herritarrei gogorarazi nahi die jaietako hainbat ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman behar dela; tartean, gaztetxoen tortilla lehiaketarako.

Noiz: uztailak 24, eguena
Norentzat: LH5 eta DBH4 bitarteko gaztetxoentzat
Izen-ematea: udaletxean, plazak amaitu arte
Lehiaketako oinarriak: oinarriak

Jaietarako, koadrodun zapia

Iazkoari jarraipena emanez eta Soraluzeko jaietako bi eragile nagusiren ekimenez, Galtzagorri jai batzordea eta udala, jaietarako koadrodun zapi gehiago aterako dira. Horrela, herri identitatea lantzeko proposamena luzatzen die soraluzetarrei, zapia jantzita jai giroan murgil daitezen.

Bi zapi egongo dira, Galtzagorriena eta udalak ateratako Soraluzeko jaixak zapia, eta bakoitzak irudi desberdina izango du koadrodun zapiaren gainean. Galtzagorriek eurek salduko dituzte Galtzagorrien irudi duten zapiak txoznetan; Soraluzeko jaixak zapia, ostera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gazteek salduko dute herriko tabernetan eta jaiak hasi aurreko egunetan kalean jarriko duten postuan.

Jaietako koadrodun zapiak 3€ balioko du eta iaztik gordeta duten herritarrak animatu nahi dira hura erabiltzera.