"Ezozia auzoko baserriak" eta "Txurruka auzoko baserriak" liburuak aurkeztuko dira datorren eguaztenean, urriak 29, idazlearen eskutik
Francisco Javier Larrañaga Guridi soraluzetarrak Soraluzeko baserriei buruz prestatzen diharduen liburu-bildumako bigarren eta hirugarren aleak idatzi ditu, Ezozia auzoko baserriak eta Txurruka auzoko baserriak izenburuko liburuak, hain zuzen ere.
Soraluzeko baserriei buruzko liburu-bilduman ordena alfabetikoan ordenatutuako Ezozia auzoko 23 baserriren eta Txurruka auzoko 15 baserriren historia deskribatzen da, bai eta bertan bizi ziren pertsonen datuak eta bestelako jakingarriak ere. Lan horiek gure herriko historiaren 500 urte baino gehiago jasotzen ditu bere baitan, eta milaka dokumentu kontsultatu izanaren eta ordu askoko lanaren emaitza da.
Idazlea
Francisco Javier Larrañaga Guridik (Soraluze, 1949) Industria Teknologiaren Ingeniaritza ikasketak bukatu eta gero enpresen aholkulari gisa jardun zuen lanean eta, ondoren, kudeaketa- eta zuzendaritza-lanetan aritu zen.
Osasun arrazoiengatik goiz jubilatuta, baserriei eta bertako biztanleei buruzko ikerketan buru-belarri sartu zen, batez ere Bergaran eta inguruan. Bergara: Abizenak, leinuak eta oinetxeak azterketa argitaratu du, hiru aletan, eta Bergarako errotak liburua ere bai, aurrekoen osagarri. Antzinako Genealogista Elkarteko kidea da, eta hainbat lanetan parte hartu du, baserriak, oinetxeak eta euskal genealogia ardatz hartuta.
Aurkezpen-ekitaldia datorren eguatzenean
Datorren eguaztenean, hilaren 29an aurkeztuko dira liburu berriak jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan, Herri Antzokian. Aurkezpenean parte hartuko du liburuen idazleak, Larrañagak.
Liburuaren salmenta
Liburua aurkezpen egunean bertan eskuratu ahal izango da, erdi prezioan, 10€.
Behin aurkezpen eguna igarota, Iratxon edota Gaztañerre azokan erosteko aukera izango da, 20€ren truke.