Emakumeen aukako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira, ekintza ugari, adierazpen instituzionala eta elkarretaratzeko deia
Azaraoren 25a, bihar, eguaztena, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanik ekintza sorta antolatu dute elkarlanean Udaleko Berdintasun eta Kultura Departamentuek eta liburutegiak biharko zein datozen asteetarako.
Halaber, Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan eta antolatutako ekintza zein elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Askotariko ekintzak
Lehengo astean hasi ziren azaroaren 25aren inguruko jarduerak Frankenstein agurgarria gutun musikatuari buruzko eztabaida eta irakurketa musikatuarekin. Hurrengo egun eta asteetan, berriz, Contra Ana antzerki emanaldia eta El encaje roto: antología de cuentos de violencia de género liburuari buruzko eztabaida izango dira.
Horrez gain, udal liburutegiak irakur-gida prestatu du gaiari buruzko liburu eta filmen bilduma osatuz; liburutegiko hall-ean egongo dira aukeratuak ikusgai eta mailegagai azaroaren 16tik abenduaren 11ra bitarte. Irakur-gida ondorengo estekan sakatuta deskarga daiteke: A25 irakur-gida

Adierazpen instituzionala
Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudela aldarrikatzeko eguna.
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa dela azpimarratu nahi dugu beste behin, eta gizarte osoari eragiten diote. Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean, datuen arabera bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatuko du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Analisi feminista batetik erreparatuz gero, sexu-genero sistemaren eraikuntzak, gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan.
Indarkeria matxista oro desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu. Guztion ardura da aurre egitea eta gobernantza feminista oinarri hartuta, esparru ezberdinetatik eragitea.
Horregatik, azaroaren 25eko honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzeko. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?
Indarkeria matxistak gure bizitzetan daukan eraginaren eta dauzkan adierazpen eta ondorio ezberdinen inguruan hausnartzea ezinbestekoa da.
Ikuspegi feministarekin lan egin behar dugu, egunero eta eremu guztietan. Prebentzioan, babesean, erreparazioan aurrera pausuak emanez.
Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, eta bide honetan Mugimendu Feminista dugu eredu.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.
Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Elkarlanean eta koordinazioan garatu behar dugu lan hau, erasoa jasandako pertsonaren beharrak erdigunean jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez. Erantzunak integrala behar du izan eta bide horretan, prebentzioan eta heziketan lanean jarraitu behar dugu.
Bide horretan, herritarrak ere gonbidatu nahi ditugu jarrera bat hartzera, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte justu, bizigarriago eta askeago bat eraikitzera, indarkeria matxistarik gabea.
Hori horrela, Soraluzeko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu dugu:
-
2026an IV.berdintasun plana onartu berri dugu udalbatzan eta bertan jasotako ekintza oro aurrera eramateko konpromisoa hartu dugu, ekimenak martxan jarriz. Besteak beste, indarkeria matxistaren koordinazio mahaia berraktibatuko dugu.
-
Indarkeria matxistaren aurreko protokoloak eguneratzen jarraituko dugu, beharrezko diren berregokitzapen guztiak eginez; erasoa jasandako pertsonaren beharrak erdigunean jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez.
-
Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko eta herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzen jarraiuko dugu, egoera bakoitzean erantzun egokienak aktibatuz.
-
Prebentzioan eta heziketan ere pausoak ematen jarraituko dugu:
-
Hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta profesionalei egokitutako hezkidetza tailerrak eta baliabideak eskainiz herrian.
-
Emakumeen* ahalduntze eskolan ere emakumeen* arteko elkarguneak indartzen jarraituko dugu eta emakumeen* ahalduntzerako hain beharrezkoak diren tailer, hitzaldi, tertulia eta bestelako topaguneak eskaintzen; komunitate sendoa eraikiz Soraluzen.
-
Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza-sareak sustatuz, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
-
-
Zaintza eredu komunitario feminista bat garatzea proposatzen dugu, emakumeen zaintza-lana aitortuz eta birbanaketarako mekanismoak sustatuz, eta bide horretan zaintzen komunitate-ekosistema bat sortzeko pausoak ematen jarraituko dugu, zaintza planaren bitartez.
-
Soraluzera kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera komunitarioaren planaren baitan ere, emakumeen ahalduntzearen gaia nahiz indarkeria matxista prebenitzeko baliabideak eskuragarri ipintzen jarraituko dugu.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzen jarraituko dugu eta haiekin koordinatzen, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
Amaitzeko, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, han-hemen antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko.
Era berean, herritarrei dei egiten diegu bihar, azaroaren 25ean, eguaztena, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Plaza Barrixan 19:00etan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten.