Gaztañerre atarian, Irure auzoko baserriei buruzko liburuaren aurkezpena egingo da eguenean, autorearekin
Soraluzeko auzoei eta bertako baserriei buruzko bilduma ontzen dihardu Patxi Larrañaga Guridik 2024az geroztik. San Andres auzoko liburuak eman zion hasiera bildumari, eta iaz, 2025ean, argitaratu zituen Ezozia eta Txurruka auzoetako aleak; aurten, Irure auzoko baserriak izan ditu aztergai.
Irure auzoko baserriak liburuan Irure auzoko 23 baserriren historia deskribatzen da, bai eta bertan bizi ziren pertsonen datuak eta bestelako jakingarriak ere. Lan horiek gure herriko historiaren 500 urte baino gehiago jasotzen ditu bere baitan, eta milaka dokumentu kontsultatu izanaren eta ordu askoko lanaren emaitza da.
Idazlea
Francisco Javier Larrañaga Guridik (Soraluze, 1949) Industria Teknologiaren Ingeniaritza ikasketak bukatu eta gero enpresen aholkulari gisa jardun zuen lanean eta, ondoren, kudeaketa- eta zuzendaritza-lanetan aritu zen.
Osasun arrazoiengatik goiz jubilatuta, baserriei eta bertako biztanleei buruzko ikerketan buru-belarri sartu zen, batez ere Bergaran eta inguruan. Bergara: Abizenak, leinuak eta oinetxeak azterketa argitaratu du, hiru aletan, eta Bergarako errotak liburua ere bai, aurrekoen osagarri. Antzinako Genealogista Elkarteko kidea da, eta hainbat lanetan parte hartu du, baserriak, oinetxeak eta euskal genealogia ardatz hartuta.
Aurkezpen-ekitaldia datorren eguenean
Gaztañerre atarian, datorren eguenean, hilaren 5ean, aurkeztuko da liburu berria jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan, Herri Antzokian. Aurkezpenean parte hartuko du liburuaren idazleak berak, Larrañagak.

Liburuaren salmenta
Liburua aurkezpen egunean bertan eskuratu ahal izango da, erdi prezioan, 10€.
Behin aurkezpen eguna igarota, Iratxon edota Gaztañerre azokan erosteko aukera izango da, 20€ren truke.