Udane Juaristi, "Udatxo", artistak bigarren mural bat egin du Txurrukenen, auzoko bizitzarekin lotura duena oraingoan
Apirilean egindako mural dotoreak edertzen du Txurruken aldeko herriaren sarrera; orain, berriz, herritik irtetera doazenek ere ikusiko dute beste mural eder bat. Udane Juaristi, Udatxo, artista azkoitiarrarenak dira lan biak, Soraluzeko Udalaren enkarguz egina.
Mural bietako prozesu artistikoa Txurrukeneko auzotarrekin batera landu du, haiekin bildu eta ibaiarekin duten loturan sakonduz, auzotarren esperientzia eta ohiturak ezagutuz, testigantzak entzunda eta argazkiak oinarri izanda. Irailean margotutako murala ere zenbait argazkiren arteko muntaia da, eta auzoko bizitza eta bizipenak ditu oinarri.
Udatxoren muralekin Udalak ekintza bat gehiago egin nahi izan du artea eta sormena bultzatzeko helburuaren alde; herriaren bilakaeraren, memoriaren, historiaren eta ibaiak soraluzetarren artean duen garrantziaren lekuko ere badira lanok.
Aurrekontuari dagokionez, berriz, 3.000€ gehi BEZ izan da.
Udatxo, muralgile iaioa
Udane Juaristi, Udatxo, Azkoitian jaiotako margolaria da. Bilbon Arte Ederrak ikasi eta Parisen egonaldia egin zuen. Ikasketetan zehar, hainbat teknika ikasi ahal izan zituen bere lanetan erabiltzeko eta pixkanaka bere estiloa deskubritzeko. Pintura collagearekin eta transfer teknikarekin nahastuz, estilo propio eta ezagun bat izatera iritsi da, non izaera urbanoa bere lanen ardatz nagusia den.
Bere izaeran hain errotuta dagoen karkater urbano horrek bere obra eraldatzen eraman du, kaleko hormak eta muralak margotzera iritsi arte. Izan ere, kalea inspirazio iturri izan da beti Udatxorentzat. Eszenak sortzen ditu munduan zehar egiten dituen ibilaldietan ateratzen dituen argazkietatik abiatuta, eta pinturaren bidez ematen die bizia eta kolorea argazkiei. Kalean paseatzen ikusten duen jendea bere lanetan harrapatzea gustatzen zaio, mugimenduak, koloreak eta argia.
