"Munduko ipuinen ziklo herritarrak" bihar, eguaztena, urtarrilaren 14an izango du lehen hitzordua

"Munduko ipuinen ziklo herritarrak" bihar, eguaztena, urtarrilaren 14an izango du lehen hitzordua

2026/01/13
Aurtengo "Munduko ipuinen ziklo herritarra" bihar, eguaztena, urtarrilaren 14an hasiko da; Soukayna Sijilmassik "Eid Al Fitr-eko oparia" ipuina kontatuko du arabieraz eta euskeraz.

2024ko irailean munduko hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz bete ziren Soraluzeko kaleak Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako Munduko ipuinen egunaren aitzakian. Iaz ere errepikatu zen hizkuntzen, kulturen eta ipuinen festa. Munduko ipuinen egunak hizkuntza aniztasunari aitortza egitea, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea eta ipuinen balioa sustatzea ditu helburu nagusi; xede horiei hauspoa eman nahi zaie orain Munduko ipuinen ziklo herritarrarekin.

Soraluzen bizi diren munduko beste lurralde batzuetako herritarren jatorrizko ipuinen kontaketa saioak antolatu dira udal liburutegian datozen asteotarako, herritarrak beraiek protagonista izango direlarik. Izan ere, soraluzetarrek beraiek kontatuko dituzte ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz.

Urtarrilaren 14an, 27an eta otsailaren 10ean izango dira aurtengo ziklo herritarreko hitzorduak.

Lehen saioa bihar, urtarrilak 14

Bihar bertan, eguaztena, urtarrilak 14 emango zaio hasiera Munduko ipuinen ziklo herritarrarari arabiar jatorriko ipuin batekin: هدية عيد الفطر edo Eid Al Fitr-eko oparia ipuina kontatuko du Soukayna Sijilmassik eta ere jatorrizko herrialdean, Marokon, murgilduko ditu entzuleak.

Adin guztietako entzuleak daude gonbidatuta ipuin-kontaketara, haurrak zein helduak.

Datozen asteotan ipuin gehiago

Munduko ipuinen ziklo herritarrak hiru saio eskainiko ditu aurten, bi asterik behin, urtarrila eta otsaileko arratsaldeetan udal liburutegian. Biharko saioarekin estreinatuko da zikloa, eta André Nunes da Costaren eta Saadia Nasirren kontakizunek biribilduko dute, urtarrilaren 27an eta otsailaren 10ean, hurrenez hurren.

Horrela, soraluzetarrek Marokoko, Brasilgo eta Pakistango istorioak entzun ahal izango dituzte haien herrikideen eskutik, jatorrizko hizkuntzan zein euskaraz.

Antolatzaileek herritar oro animatzen dute saioan parte hartzera eta gonbidapena luzatu nahi liekete haien jatorrizko ipuinak kontatzera anima daitezen.