Basauriko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa

Basauriko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa

2026/04/04
Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du joan den asteazkenean, apirilaren 1ean, Basaurin (Bizkaia) 44 urteko emakume bat erail izana, ustez bere bikotekidearen eskutik. Udalak aldarrikatu nahi du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla.

Basaurin gertatutako hilketa matxista honen harira, 45 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, genero indarkeriaren arloko homizidio delitua egotzita. Hasiera batean, emakumea osasun arazo baten eraginez hil zela pentsatu bazen ere, autopsiak indarkeriazko hilketa izan zela erakutsi zuen. Basauriko Udalak adierazi duenez, gizonak genero indarkeriazko aurrekariak zituen bikote harreman honen baitan, eta Polizia kasuaren jarraipen bat egiten ari zen. Emakundek, bere aldetik, genero indarkeriaren kasuetarako prestatu duen protokoloa aktibatu du dagoeneko.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina. Euskal Herriko  Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azken txostenean islatzen denez, emakumeen aurkako indarkeriaren kasu erregistratuak %127 igo dira azken bi hamarkadetan.

Gertaera honek 2026ko bigarren hilketa matxista markatu du Euskal Herrian (Sarrigurengoaren ostean). Datuek argi erakusten dute ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Basauriko emakumearen hilketaren aurrean.

Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela, eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela. Nabarmendu nahi du ere arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik eta, horregatik, dei egiten dio gizarteari berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin ekitera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide, lagun eta hurbilekoekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagozkion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ): 900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  •  Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila: berdintasuna@soraluze.eus