Badator 2025-2026 ikasturteko "Irakurketa erronka"; urritik apirilera bitarte, lau irakurgai proposamen egingo dira liburutegian 7-12 urte bitarteko neska-mutikoentzako

Badator 2025-2026 ikasturteko "Irakurketa erronka"; urritik apirilera bitarte, lau irakurgai proposamen egingo dira liburutegian 7-12 urte bitarteko neska-mutikoentzako

2025/10/20
Plaentxi eskolako irakurketa proiektuarekin bat eginez, "Irakurketa erronka" antolatu du berriz ere udal liburutegiak, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6.erako neska-mutilentzat.

2024ko urtarrilean egin zen lehenengoz Soraluzeko Udal Liburutegiak antolatutako Irakurketa erronka, Plaentxi Herri Ikastetxeko irakurketa proiektuari babesa eta bultzada eman nahian. Lehen Hezkuntzako 7 eta 12 urte arteko haurrak, 2. mailatik 6. mailara arte neska-mutikoak irakurtzen trebatu eta zaletzea ditu helburu, haien ulermena eta adierazpena hobetzea eta literatur-zaletasuna sustatzea. Horretaz gain, haurtzarotik herriko liburutegiarekiko atxikimendua eta harremana ere sustatu nahi dira horrela.

Iazko edizioan, 75 umek hartu zuen parte, eta horietatik 48k amaitu zuen erronka; Soraluzeko adin horretako haurren laurdenak, hain zuzen ere.

Erronkaren funtzionamendua

Urritik apirilera bitarte, lau gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatuko zaizkie haurrei udal liburutegian. Gai bat proposatzen den aldiro, irakurgaiak liburutegian egongo dira ikusgai sei astez eta mailegua bertan egin beharko da, ohiko moduan. Irakurgaia itzultzean, haurrak zigilua jasoko du bere irakurketa erronkako fitxan.

Proposatutako gai bakoitzeko irakurgai bana osatzen duen haurrak saria jasoko du ikasturte amaieran, horretarako bereziki prestatutako sari-emate ekitaldian.

Kontuan izateko oharrak:

  • Mailegua egin ahal izateko, liburutegiko txartela eraman behar da.
  • Haurrentzako ekintza da, beraz haurra bera etorri behar da liburutegira irakurgaia aukeratzera.

Udal liburutegiak Lehen Hezkuntzako umeak animatu nahi ditu Irakurketa erronkan parte hartzera eta liburuek eskaintzen duten unibertsoa esploratzera.