Udal liburutegiak euskarazko nahiz gaztelerazko irakurle taldeen ikasturteko egitaraua aurkeztu du

Udal liburutegiak euskarazko nahiz gaztelerazko irakurle taldeen ikasturteko egitaraua aurkeztu du

2026/09/07
Udal liburutegiak 2026-2027 ikasturteko euskarazko nahiz gaztelerazko irakurle taldeen egitaraua aurkeztu du; dagoeneko eman daiteke izena liburutegian.

Hamar urteko ibilbidea dauka Soraluzeko euskarazko irakurle taldeak; gaztelerazko irakurle taldea, berriz, 2026ko urtarrilean hasi zen. Dozena pasa irakurle elkartzen da talde bakoitzean Ainhoa Aldazabalek eta Mónica Leivak gidatuta, hurrenez hurren.

Irakurle taldeen helburua, euskarazkoa zein gaztelerazkoa, irakurgai baten inguruan solasean aritzeko tartea hartzea da, hark lantzen dituen gaiak aztertu, hausnartu eta ikuspuntuak partekatzeko. Finean, irakurketa bezalako jarduera indibidual bat kolektibo bilakatu eta aberastean datza.

Baina ez hori bakarrik, irakurle taldeak topaleku sozialak ere badira. Profil ezberdinetako jendea elkartzen da taldeetan, ideia eta ikuspegi berriak ezagutzeko aukera ematen du; nork bere iritziak eman eta besteenak entzun eta errespetatu.

Ikasturteko programazioa

Euskarazko zein gaztelerazko irakurle taldeetako kideek bi hilean behin irakurgai bana izango dute, kontrako hilabeteetan. Modu honetan, bi taldeetan parte hartu nahi duten pertsonei horretarako aukera eman nahi zaie.

Euskarazko irakurle taldea

Astelelehenetan biltzen da, 19:00etan udal liburutegian, irailetik maiatzera bitarte.

Irailak 21: Barazkijalea, Han Kang
Azaroak 16: Frankenstein agurgarria, Ana Galarraga & Petti (Blues Hotsak jaialdiaren baitan)
Otsailak 1: Katona, Antxiñe Mendizabal
Martxoak 1: Monogamoak, Iñigo Astiz

Maiatzak 17: Etxe bat norberarena, Yolanda Arrieta

Gaztelerazko irakurle taldea

Eguaztenetan biltzen da, 18:30ean, udal liburutegian, urritik ekainera bitarte.

Urriak 21: La casa redonda, Louise Erdrich
Abenduak 16: Tengo miedo torero, Pedro Lemebel
Otsailak 17: El encaje roto, Emilia Pardo Bazán
Apirilak 21: El cielo de la selva, Elaine Vidal Madruga

Ekainak 16: El viaje vertical, Enrique Vila-Matas

Funtzionamendua eta izen-ematea

Irakurle taldean izena ematen duten pertsonak bi hilean behin elkartuko dira, urtarriletik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; liburuak udal liburutegian bertan eskuratu ahal izango dira. Izena emateko baldintza bakarra, liburutegiko kide izatea izango da; doakoa da eta momentuan bertan egin daiteke.

Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.

  • Aurrez aurre, udal liburutegian, astelehentik eguenera 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30; barixakutan 11:00 - 13:00. *Udako ordutegia irailaren 11ra arte (10:00 - 13:00)
  • Telefonoz edo whatsappez, 943752074 telefonoan.
  • Mezu bat idatzita liburutegia@soraluze.eus helbidera.