Soraluzeko Nagusien Kontseiluak nahi ez den bakardadeari eta boluntariotzari buruzko mahai-ingurua antolatu du
Joan den apirilean jarri zen martxan Soraluzeko Nagusien Kontseilua, nagusitasun aktiboa oinarri duen topagunea, hain zuzen ere. Kontseilua hileroko maiztasunaz batzen da eta bertan parte hartze dute hainbat herritarrek, Udaleko ongizate saileko teknikari zein zinegotziek eta herriko hainbat elkarte zein eragiletako kideek; hala nola, Itxaropena jubilatuen elkartea, Zaharren Egoitza, Eguneko zentroa, Osakidetza, Pentsionistak, jendartEKIN eta Caritas, beste hainbaten artean.
Lehen bileretan zehaztu zituzten haien jarduna gidatzeko zenbait abiapuntu, tartean, bakardadearen gaia. Horixe da, zehazki, datorren asterako antolatu duten mahai-inguruaren gaia: nahi ez den bakardadea eta boluntariotza. Datorren eguaztenean, otsailaren 18an, egingo da arratsaldeko 18:30ean Kalebarren 8n.
Hainbat eragileren arteko solasaldia
Otsailaren 18rako antolatutako mahai-ingurua da Soraluzeko Nagusien Kontseiluak programatutako lehen ekintza eta bakardade egoerak eta boluntariotza izango dira hizpide.
Etzozi Larrañaga eta Begoña Txurruka kontseilukideek jardungo dute dinamizatzaile lanetan eta hizlari gisa parte hartuko dute Joserra Ezenarrok (Nagusilan elkarteko lehendakaria), Jesus Reyesek (Zaharren Egoitzako egoiliarra), Juan Fernandezek (Alkarri elkarteko kide-ohia), Esther Cruzek (Ongizate saileko zinegotzia) eta Gurutze Gorriko nahiz Itxaropena jubilatuen elkarteko kide banak.

Nagusien Kontseiluko hurrengo hitzordua
Antolatzaileek interesa izan dezakeen herritar oro animatu nahi dute Nagusien Kontseiluak antolatutako hurrengo bileran parte hartzera, otsailaren 25ean, 10:00etan Kalebarren 8n. Horretarako, aurrez izena eman behar da Soraluzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan.