Eguberri-garaia ekitaldi ugariz beteta dator Soraluzera
Urteroko legez, adin eta gustu guztietarako ekitaldiz beteta dator Eguberri-garaia Soraluzera; ekintza horietako asko udalak eta herritarrek eskuz esku antolatutakoak dira.
Gabon-garaiko agenda osorik ikusgai dago HEMEN.
Bertan klik eginda, hainbat ekitaldiko sarrerak online erosteko aukera ere aurkitu daiteke.
Udalaren eta herritarren arteko lankidetza oinarri
- ABENDUAK 22: Azoka solidarioa
Datorren astelehenean, abenduaren 22an, azoka solidarioa egingo dute Soraluze BHI Institutuko ikasleek Plaza Zaharrean, Agenda 2030 egitasmoaren barruan. Goizeko 10:00etarako jarriko dute azoka solidarioa Plaza Zaharreko karpan eta 13:00ak arte izango da zabalik. Ekimenaren helburua da kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea.
Aipatu bezala, Eskola Agenda 2030 programaren baitan gauzatuko dute azoka, Debegesarekin eta Soraluzeko Udalarekin elkarlanean. Aste honetara bitarte, jolas orduetan egoera onean dauden bigarren eskuko liburuak, jostailuak, arropa, kirol materiala… jasotzen aritu dira ikasleak eta produktuak eraman dituztenei puntuak banatu dizkiete.
Izan ere, dirua erabili beharrean, azoka solidarioan puntuak erabili beharko dira-eta produktuak eskuratzeko. Atzo hasi ziren bilketa-lanak egiten eta dagoeneko batu dituzte hainbat jolas, liburu, oinetako zein arropa.
Horrez aparte, abenduaren 22an, institutuko 4. mailako ikasleek pintxoak eta errifak salduko dituzte ikas-bidaiarako, eta, erostearen truke, azokarako puntuak banatuko dituzte. Hartara, ikasleek ez ezik, edozein herritarrek eskuratu ahal izango ditu puntuak eta azokako produktuengatik trukatu.
- ABENDUAK 24: Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera
Goizeko 11etan egingo zaie harrera, Plaza Berrian, Pil-pilean Euskara Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak eta Udalak antolatutako ongietorri ekitaldiaren bitartez.
Ekitaldian, Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, Galtzagorri bihurriek eta herriko hainbat eragilek hartuko dute parte; besteak beste, herriko dantzari gazteek, txistulariek, Musika eskolako trikitilari eta panderojoleek, irrintzilariak, txalapartariak, Atxolin Guraso Elkarteko kideek, Kukumixoko hezitzaileek eta Gaztelekuko gaztetxoek.
Ongi etorri berezia egingo zaie Plaza Berrian eta ondoren, idiek gidatutako gurdian joango dira Olentzero eta Mari Domingi, trikitilarien doinuan herrigunea zeharkatzeko (Ezozibideko biribilguneraino eta buelta berriz Zubi nagusira). Bidean zehar, gune ezberdinetan, gabon kantak abestuko dituzte, Galtzagorriek gidatuta eta trikitilarien musikaz lagunduta. Antolatzaileek herritar guztiak, haur zein helduak, gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzera; dena dela, protagonista nagusi izango dira herriko umeak eta lehen lerroan haiek joatea indartu nahi dute antolatzaileek.
Behin kalejira amaituta, gutunak jasoko dituzte Mari Domingik eta Olentzerok kiroldegiko frontoian. Haurrak, txikienetatik hasita, eta adinka, gutunak ematera hurbilduko dira haiengana eta bueltan oparia jasoko dute.
Horretaz gain, Kukumixo aisialdi taldeko kideek itxaronaldia arintzeko jolasak eta txorixoa, gazta, salda eta edatekoak ipiniko dituzte.
- ABENDUAK 31: San Silbestre lasterketa herrikoia
Bigarren urtez jarraian, urteko azken eguna kirola eginez ondo pasatzen igarotzeko helburuari helduz, San Silbestre herrikoi eta ez lehiakorra antolatu du Kirol Mahaiak. Edozein adinetako herritar orok parte har dezake lasterketan eta izen ematea zabalik dago kiroldegian dagoeneko (egunean bertan ere izena eman ahal izango da).
Aurten, gainera, emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz entrenamendu saioak antolatu dituzte aurreko asteetan zehar.
Eguerdiko 12:00eta ekingo zaio ekimenari, ibilbidea 5 kilometrokoa izango da aurtengoan eta sei itzuli emango zaizkio herriguneari; hala ere, ez dago guztiak egin beharrik, edozein momentutan sartu daiteke korrikalarien taldetxora.
Aurtengoan, mozorro onenarentzako saria egongo da eta amaieran parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa egongo da.
Antolatzaileek parte hartzera animatzen dituzte soraluzetarrak.
- URTARRILAK 5: Errege kabalgata
Urteroko legez, Betiprest aisialdi taldeak Errege kabalgata antolatu du aurtengo Gabonetarako. Errege Magoek herriguneko kaleak zeharkatuko dituzte zaldiz, eta ostean, eliz atarian gutunak jaso eta opariak banatuko dituzte etxeko txikienen artean.
Bertsoa ere protagonista
BertSora bertso eskolak antolatuta, abenduaren 27an egingo da aurtengo Gabonetako bertso-saioa Herri Antzokian, iluntzeko 19:00etan. Punta-puntako bertsolariek parte hartuko dute bertan eta sarrerek 10€ balio dute. Sarrera eskuratzeko Iratxo Goxo Dendan edo txarteldegian lor daiteke, saioa hasi baino orduerdi lehenago.
Horrez gain, Soraluzeko bertsolariek abenduaren 24an 13:00etan bertso poteoa egingo dute herrigunean zehar.
Haurrak, nerabeak eta familiak protagonista
Herritar gazteenek ilusio bereziz bizi izaten dituztenez datozen jaiegunak, haientzako ekintza ugari antolatu dira hainbat eragileren eskutik:
- ABENDUAK 22, 23 eta 26: Ludoteka eta Gaztelekuko txangoak
- ABENDUAK 26: Zapotxin pailazoa: Baratxuri zoparen sekretua
- ABENDUAK 28: Gabonetako haur parkea
- ABENDUAK 29, 30 eta 31: Ludoteka eta Gaztelekuko jolasak eta tailerrak
- URTARRILAK 2: Buruarinak sortzeko tailerra