Elikagai bilketa egingo da aste honetan, Zaporeak elkarteak deituta, Lesboseko kanpamenduan dauden asilo-eskatzaileei laguntzeko
Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, ez atzera eta ez aurrera, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Aurten ere, erronka solidarioa jarri du martxan Zaporeak elkarteak Debabarreneko herrietan; helburua da Grezian harrapatuta dauden errefuxiatuei egunero otordu duin bat ematea.
Soraluzeko bilketa
Aurten, arroz luzea batzea egokitu zaio Soraluzeri, eta bilketa aste honetan zehar egingo da, martxoaren 9tik 12ra bitarte. Bilketan parte hartuko dute Soraluzeko Kooperatiba elkarteak, Amparo janari-dendak eta Soraluzeko Eroskik, baita Plaentxi Herri Eskolak eta Soraluze BHI Institutuak ere.
Bestalde, aste guztian zehar arratsaldeko 17:30-19:30 bitarte, bilketa-gune bat ere jarriko da Kontzejupean. Bertan, errifak ere erosi hala izango dira asilo-eskatzaileei laguntza emateko.
Udalak ere bere ekarpena egin nahi izan du Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearentzako 530 kilo arroz luze eskainiz, eta soraluzetar guztiak animatu nahi ditu ekimenean beren aletxoa jartzera. Iker Uzin Ongizate Saileko zinegotziaren esanetan "errefuxiatuek duten egoera lazgarriaren aurrean, gure aletxoa jartzea ezinbestekoa da; errefuxiatuek bizi duten eguneroko egoera ikusarazi eta ekarpena eginez”.
Erronka solidarioarekin amaitzeko, tuper solidarioa
Debabarreneko janari-bilketarekin amaitzeko, Tuper solidarioa ekimena egingo da martxoaren 14an, zapatua, eguardiko 12:30etik 15:00era bitarte, Eibarren. Ekimen horretan, 5€ko dohaintzaren truke Zaporeak elkarteko sukaldari laguntzaileek prestatutako tuperra eskuratu ahal izango dute parte-hartzaileek.