Bilboko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

Bilboko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

2026/11/27
Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena eta haserre biziena adierazi nahi ditu atzo Bilbon gertatutako hilketa matxista honen aurrean eta gaur 19:00etan elkarteratzeko deia luzatu nahi die herritar guztiei.

Beste hilketa matxista bat gertatu da Euskal Herrian. Bikotekide ohiak 34 urteko emakume bat hil du, 4 eta 6 urteko seme-alaben aurrean; arma zuriz eraso eginda. Erasotzailea, 47 urteko gizonezkoa, Ertzaintzak atxilotu du.

Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena eta haserre biziena adierazi nahi ditu atzo Bilbon gertatutako hilketa matxista honen aurrean. 

Beste behin, emakume baten askatasuna, duintasuna eta bizitzeko eskubidea bortizki urratu dira. Gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen, baina etxe berean bizi ziren. Honek agerian uzten du babes eta prebentzio-sistemak indartu behar direla, eta emakumeen bizitza eta segurtasuna bermatzeko baliabide guztiak jarri behar direla.

Emakumeen aurkako indarkeria psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa eta beste hainbat adierazpenetan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da, eta giza eskubideen urraketa onartezina. 

Udalak azpimarratu nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela agerian uzten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela. Era berean, nabarmendu nahi du arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, gizarteari dei egiten dio, bere osotasunean, berdintasunaren aldeko borrokan bat egitera eta elkarrekin jardutera.

Duela 2 egun baino ez, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunean herritar ugari izan ginen kalera atera ginenak; eta beste behin kalera ateratzeko deia egin nahi du Soraluzeko Udalak.

Horrez gain, eragile ezberdinekin elkarlanean osatutako egitarauaren helburua  indarkeria matxista prebenitzea, sentsibilizazioa sustatzea eta herritarren artean hausnarketa eta kontzientzia kritikoa bultzatzea dela gogorarazi nahi du, horrelako gertaerarik berriz ere gertatu ez dadin. Eta azpimarratu nahi da, indarkeria matxistaren aurrean, gaitzespenaz gain, ekintza, konpromisoa eta erantzukizun kolektiboa behar direla. 

Soraluzeko Udalak biktimaren senide, lagun eta hurbilekoei bere elkartasun, babes eta doluminik zintzoenak helarazi nahi dizkie. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko duen konpromiso irmoa berresten du, eta lanean jarraituko du prebentzioan, berdintasunean, sentsibilizazioan, biktimen arreta eta babesean, dagokion eremu guztietan. Ildo honetan, herritarrei dei egiten die, gaur ostirala, AZAROAren 27an, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ): 900 840 111 (24 ordu / 51 hizkuntza).

  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016.

  • Udaltzaingoa: 943 75 30 24.

  • Ertzaintza: 112 / 944 05 40 00.

  • Larrialdiak: 112.

  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56.

  • Soraluzeko Berdintasun saila: berdintasuna@soraluze.eus.