Aisialdiko Begirale ikastaroa antolatu dute Debabarreneko udalek datorren ikasturterako

Aisialdiko Begirale ikastaroa antolatu dute Debabarreneko udalek datorren ikasturterako

2025/07/03
Irailaren 19ra arte egongo da aukera Debabarreneko udalek antolatutako Aisialdiko Begirale ikastaroan izena emateko; 2024-2025 ikasturtean 27 gaztek parte hartu du ikastaroan.

Ikasturte honetan bi taldek parte hartu dute Gaztetxoak Eskolako teknikariek eman duten ikastaroan, eta, orain, ikasleak praktikak egiten ari dira han eta hemen. Guztira, 27 lagun izan dira ikastaroa bukatu dutenak: Eibartik 9, Mutrikutik 6, Mendarotik 5, Debatik 3, Soraluzetik 2 eta Elgoibartik beste 2. 

Lortutako arrakasta ikusita, 2025-2026 ikasturtean ere ikastaroa eskainiko dute Debabarreneko udalek, Gaztetxo Eskolarekin elkarlanean.

Ikastaroa euskaraz izango da, eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2026ko ekainaren 30erako. 

Ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.

Iraupena

Ikastaroaren atal teorikoa urritik maiatzera bitarte egingo da eta bi tutoretza saio ere izango dira. Atal teorikoak 150 orduko iraupena du eta era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroak asteburu osoko hiru irteera izango ditu.

Praktikak boluntarioak izango dira eta 160 aisialdi-orduko iraupena izango dute.

Non eta noiz

  • Zapatutako saioak Eibarren edo Elgoibarren egingo dira, izen-ematearen arabera, 9:30etatik 18:30era; tartean ordu eta laurden izango dute ikasleek bazkaltzeko.
  • Asteburu osoko irteerak La Arboleda aterpetxean egingo dira zapatuko goizeko 10:00etatik domekako eguerdiko 15:00etara.

Prezioa

Ikastaroaren prezioa 300€ da baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik: 150€.

Izen-ematea eta informazioa

Ikastaroaren izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta irailaren 19ra arte egin daiteke, online: izen-ematea.

Informazio gehiago behar izanez gero, eibarrenakebai@gmail.com helbidera idatzi edo 943708426 eta 688854965 (Whatsapp-ez ere bai) telefonoetara deitu daiteke.