Soraluzeko Udal Liburutegiak 2026ko Maria Moliner saria jaso du irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik

Soraluzeko Udal Liburutegiak 2026ko Maria Moliner saria jaso du irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik

2026/11/26
Soraluzeko Udal Liburutegiak 2026ko Maria Moliner saria jaso du irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik; 2.777 euroko ordainsaria liburu eta argitalpen berriak eskuratzeko.

Soraluzeko Udal Liburutegiak estatuko Kultura Ministerioak ematen duen 2026ko Maria Moliner saria eskuratu du. Adin guztietako herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea, komunitatearen gizarteratzea, efizientzia eta teknologia berrien erabilera sustatzen dituzten herri txikietako liburutegiak aitortzea du xede sariak.

Estatu osoko ehunka liburutegik aurkeztu dituzte beren hautagaitzak, eta hamarrek 10.000 euroko sari nagusia jaso dute. Soraluzeko liburutegiak, ostera, Soraluze: irakurtzen duen herria, kontatzen duen herria proiektuari esker bigarren saria eskuratu du beste 369 liburutegirekin batera: 2.777 euroko ordainsaria. Diru hori bilduma handitzeko liburu eta argitalpen berriak eskuratzeko soilik baliatu ahal izango du.

Soraluze: irakurtzen duen herria, kontatzen duen herria

Soraluzeko liburutegiak aurkeztutako proiektuak Munduko Ipuinen Eguna eta horren inguruan sustatutako ekintzak ditu abiapuntutzat, kultura eta hizkuntza aniztasuna plazaratuz; halaber, barnebiltzen ditu euskarazko eta gaztelerazko irakurle taldeak, irakurketa errazeko taldea, irakurketa erronka, Motxila ibiltaria, liburu aurkezpenak, ipuin-kontaketak eta panpinen pijama festa bezalako egitasmoak. 

Herriko eragileekin uztartutako elkarlana ere proiektuaren zutabe nagusietako bat da; izan ere, liburutegiak etengabeko elkarlanean dihardu bere jardunean herriko ikastetxeekin eta adineko pertsonen egoitzarekin baita jendarEKIN proiektuarekin ere, belaunaldi arteko zubiak eraikiz. 

Saria irakurle komunitateari

Udal liburutegiak bere irakurle komunitatea ere zoriondu nahi du, haien parte-hartzerik gabe ez baitago proiektuak aurrera eramaterik, eta animatu nahi ditu aurrerantzean ere liburutegian antolatutako ekimenetan esku hartzera.