Ikasturte honetan ere Etxebizitza Bulegoak aurrez aurreko arreta emango du Soraluzen, eguaztenetan, Kalebarren 8n
Kalebarren 8an kokatuta dagoen birgaitze arloko herritarren arretarako bulegoak bere zerbitzuak zabaldu zituen urte hasieran eta ordutik alokairurako laguntzei eta efizientzia energetikoari buruzko informazioa ere eskaintzen du, honela Debabarreneko Etxebizitza Bulegoa bihurtuz. Ikasturte honetan ere jarraituko du zerbitzua ematen.
Soraluzeko Udalak, Debegesarekin eta Debabarreneko gainerako udalekin elkarlanean, abian jarritako eskualdeko zerbitzua da, herritarrek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua modu hurbil eta pertsonalizatuan eskura dezaten.
Bulegoak aurrez aurreko arreta eskainiko du Soraluzen eguaztenero, 8:15etik 16:00etara, Kalebarren 8an.
Eskualdeko bulego ibiltariaren jarduera nagusiak
Zerbitzuaren funtzioen artean hauek nabarmentzen dira:
Birgaitzea
Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
Alokairua
Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
Bonu soziala
Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa...) fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
Energia
Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.
Aurretiko hitzorduarekin
Arreta pertsonalizatua eta kalitatezkoa bermatzeko, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da.
Soraluzeren kasuan, interesa dutenek 675873853 telefono mugikorrera deitu beharko dute hitzordua hartzeko.