Guztia prest dago datorren astean hasiko diren aurtengo Aratoste jaietarako
plaentxia.eus

Guztia prest dago datorren astean hasiko diren aurtengo Aratoste jaietarako

2026/02/05
Lau eguneko Aratoste jaiak antolatu dituzte Udalak eta herriko hainbat eragilek, eguenean hasi eta martitzenera arte.

Otsailaren 12an, eguen gizenez, hasiko dira aurtengo Aratoste jaiak eta martitzerena arte, otsailaren 17ra arte luzatuko dira ospakizunak.

Aurten, lehenbiziko bider, eguen gizenez hasiko dira ospakizunak Galtzagorri txarangak herrigunetik egingo duen kalejirarekin. Ondoren, barixakuan, Euskal Aratoste Egunak emango die jarraipena jaiei eta zapatuko mozorro-lehiaketak eta martitzeneko haurren dantza-erakustaldiak biribilduko dute egitaraua.

Musika animazioa ere ez da faltako, Luhartz eta Ttiki-Ttaka taldeen kontzertuak eskainiko baitituzte eta Latuna Bando eta Sutan txarangek herrigunea girotuko baitute. 

Euskal Aratostetako kartel irabazlea

Soraluzeko DBHko ikasleek kartel ugari aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketa eta Izane Peña eta Ariane Muriel gazteena suertatu da irabazle. Horixe da, beraz, otsailaren 13ko egitarauaren berri emateko erabiliko den kartela: eguarditik hasi eta iluntzera arteko egitaraua, hain zuzen ere.

Euskal Aratosteen antolaketa-taldean herriko elkarte edo erakunde hauek parte hartzen dute: Atxolin Guraso Elkartea, Plaentxi Herri Eskola, Parrandan Ludoteka, Urrats Dantza Taldea, Soraluzeko Musika Eskola, Pil-Pilean Euskaltzaleon Elkartea, Gaztelekua, Kukumixo Aisialdi Taldea eta Soraluzeko Udala. Horiez gain, baina, badira, era batera edo bestera parte hartzen diharduten taldeak ere: Soraluze BHI eta Kontrargi Argazki Taldea, besteak beste.

Mozorro lehiaketari begirako oharrak

Soraluzeko Udaleko Kultura Departamentuak herritarrei gogorarazi nahi die aurtengo mozorro egunerako, otsailaren 14rako, zapatua, aukeratutako gaia Pertsonaia edo gertaera historikoak dela.

Mozorro lehiaketan banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute soraluzetarrek eta epaileen lana eraginkorragoa izan dadin, parte-hartzaileek photocall-ean bertan QR bat eskaneatu eta formulario erraz bat bete beharko dute, harremanetarako datuak, argazkia eta, hala nahi izanez gero, bideoak bidaltzeko. 

Lehiaketaren oinarrien, sari-emate irizpideen eta sarien berri izan nahi izanez gero, hemen kontsulta daitezke: mozorro lehiaketa.