Azken gertakari matxisten aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia
Emakume batek bere buruaz beste egin zuen Angelun (Lapurdi) bortxaketa bat salatu ostean. Inongo zalantzarik gabe, gertari hau indarkeria matxistaren ondorio zuzena dela aldarrikatu nahi du Udalak.
Horrez gain, azken hilabeteetan bortxaketa bat baino gehiago salatu dira Euskal Herrian; besteak beste, Arrasaten eta Zumaian. Ezin aipatu gabe utzi, Soraluzen ere ixilean gertatzen diren genero biolentzia kasu guztiak.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Egoera larria da eta ez gaude ekintza isolatu batzuen aurrean, egiturazko arazo baten aurrean baizik. Soraluzeko Udalak, horregatik, bere gaitzespenik gogorrena erakusten du eta salaketa irmoa egiten du azken gertakari guzti hauen aurrean eta argi azpimarratu nahi du eraso matxista larriak direla.
Udalak azpimarratu nahi du ez Soraluzen ez inon ezin dela honelako egoerarik onartu. Bortxaketa, emakumeenganako tratu txar zein heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dute agerian uzten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela. Era berean, nabarmendu nahi du arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, gizarteari dei egiten dio, bere osotasunean, berdintasunaren aldeko borrokan bat egitera eta elkarrekin jardutera.
Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimen senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko pausoak emanez. Soraluzen ere indarkeria matxista desagerrarazteko bidea landuz jarraituko du; emakumeen ahalduntzean pausu sendoak emanez eta gure herrian gertatzen den eraso matxista oro salatuz; beti ere biktima zaintzea oinarri hartuta.
Hori guztia dela eta, herritar denei dei egiten die bihar, eguaztena, urriaren 21ean, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.
Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, ez izan konplize eta salatu ezazu. Hona hemen laguntzarako kontaktuak:
- Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ): 900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
- Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
- Udaltzaingoa: 943753024
- Ertzaintza Bergara: 943534720
- Larrialdiak: 112
- Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
- Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus
