Soraluzeko Udalak seinaleak ipini ditu baserri bideetan
Soraluzeko Udalak landa eremuko Ezozi, San Andres, Txurruka eta Irure auzoetako baserri bideetan seinaleak jarri ditu. Auzogune bakoitzaren sarreran bertako baserrien kokapen orokorrerako seinaleak jarri ditu batetik; bestetik, baserrien izenak kokatu dira bidegurutzeetan.
Auzoko mapa eta baserriak seinaleztatuta
Auzogune bakoitzaren sarrerako mapari esker, Ezozi, San Andres eta Txurruka auzo bakoitzak, auzoaren sarreran, baserrien eskema orokor bat izango du. Irure auzoak, berriz, zabalagoa izanik eta hiru gune dituenez, gune bakoitzaren sarreran jarri da bertako baserri guztien eskema orokorra.
Horrela, guztira, eskema orokorreko sei seinaleztapen jarri dira.
Baserriei dagokienez, berriz, bidegurutzeetan soilik jarri dira baserrien izenak. Bidegurutze batzuetan zutoinean seinaleztapen bakarra dago, eta beste batzuetan, aldiz, zutoin berdinean bi, hiru edo lau baserriren izenak daude. Zutoin bakarrean seinaleztapen bat baino gehiago agertzen diren kasuan, goitik beherako baserrien izenaren ordena, baserrien hurrenkeraren araberakoa da.
Aurrekontua
Seinaleak hornitzeaz eta hauek jartzeaz Kelias Movilidad SAU enpresa arduratu da eta 21.656,58€ko aurrekontua izan du, BEZ barne.