Porrotx eta Marimotots pailazoen "Amazonia gara" ikuskizunerako sarrerak dagoeneko salgai daude online ere
Aisialdia Elkarrekin, herriko ume eta gaztetxoentzako kultur eta aisialdi eskaintza antolatzen diharduen lan-taldeak negu eta udaberri parterako programatu dituen ekimenen artean kokatzen da Porrotx eta Marimotos pailazoen Amazonia gara ikuskizuna. Datorren barixakuan izango da hitzordua, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 17:00etan, Herri Antzokian.
Sarrerak salgai daude joan den astelehenaz gero, urtarrilaren 12a, udal liburutegian; ostera, gaur, urtarrilaren 19an, zabaldu da online salmenta ere, bibe.me atarian.
Soraluzen zein inguruko herrietan interes handia piztu duen emankizuna izaki, lehentasuna eman nahi izan zaie herritarrei sarrera eskuratzeko orduan. Hori dela eta, aurrez aurreko salmenta bakarrik zabaldu da astebetez, interesa duen soraluzetar orok sarrera eskuratu ahal izan dezan.
Sinopsia
Euskal Herriko Iratitik Ameriketako Amazoniara Porrotxek eta Marimototsek, urtxintxen antzera, zuhaitzez zuhaitz, egingo duten bidaia kontatu eta kantatuko dute. Zatoz sudurgorriekin... ez gara jaitsiko!
Munduko natura eta bioaniztasuna arriskuan daude gizakiok daramagun bizimoduaren ondorioz. Honen inguruan hausnarketarako deia egiten du saio honek. Balio eta kolore ederrenak jasoz ostadarra zabalduko dute sudurgorriek munduan, hau denona eta denontzat izan dadin salbuespenik gabe.
