Gaurtik aurrera, otsailak 2, erakusketa aretoan ikusgai egongo da "Euskal Aratosteak ezagutzen" erakusketa

Gaurtik aurrera, otsailak 2, erakusketa aretoan ikusgai egongo da "Euskal Aratosteak ezagutzen" erakusketa

2026/02/02
Euskal Aratosteak lan-taldeak antoltatuta, aratosteak ezagutarazteko erakusketa ikusgai egongo da erakusketa aretoan, gaurtik aurrera, otsailak 2, astelehena.

Euskal Aratosteen lan-taldea otsailaren 13ko egun handia prestatzeko lanetan ari da, buru-belarri, joan den urriaz geroztik. Testuinguru horretan antolatu du aurten Euskal Aratosteak ezagutzen erakusketa, gaia edukiz landu eta soraluzetarren artean zabaltzea xede. 

Erakusketa osatzen parte hartu dute ludotekako haurrek zein Euskal Aratosteen tailerretan aritu ziren neska-mutikoek eta lan-taldeko kideek: lehenek erakusketa atontzen duten apaingarriak egin dituzte eta bigarrenek informazioa eta irudiak batu eta mozorro bereziak prestatu. 

Alderdi askoko erakusketa

Euskal Aratosteen lan-taldeak hainbat alderdi landu ditu erakusketa prestatzerakoak: alde batetik, euskal aratosteen jatorria eta ezaugarriak nabarmendu ditu; bestetik, Soraluzen Euska Aratosteek izan duten ibilbidea eta bilakaera azaltzen da, 80ko hamarkadatik gaur egunera bitarteko hitz eta irudizko elementuez; azkenik, Euskak Aratosteen tradizio handiko herri bat aukeratu dute antolatzaileek, Ituren-Zubieta-Aurtitz, bertako inauteriak bereziki lantzeko.

Azken atalari lotuta, Iturengo inauterietan erabili berri den Joaldunen mozorro bat ekarri da Soraluzera eta erakusketan ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, bertako inauteriak hobeto ezagutzeko bideoak ere ikusgai egongo dira. 

Antolatzaileen asmoa da erakusketari jarraipena ematea urtez urte, eta Soraluzeko Euskal Aratosteetan lantzen diren herrietako inauteriak soraluzetarrei ezagutaraztea. 

Ordutegia

Erakusketa gaurtik, astelehena, aurrera egongo da zabalik, otsailaren 2tik 13ra bitarte, hain zuzen ere, kiroldegiko erakusketa aretoan. 

Ohiko ordutegia izango du:

  • Astelehenetik barixakura: 18:30 - 20:00
  • Zapatutan: 12:00 - 13:30

Euskal Aratosteen lan-taldeak soraluzetar oro animatu nahi du erakusketa ikustera. Halaber, Plaentxi Herri Eskolako umeek ere bisitak egingo dituzte eskola orduetan, eta gainontzeko herri eragileak gonbidatu nahi dituzte antolatzaileek bisitak egitera.