Gaztelerazko irakurle taldeko kideak eguaztenean, urtarrilaren 21ean, elkartuko dira lehen aldiz

Gaztelerazko irakurle taldeko kideak eguaztenean, urtarrilaren 21ean, elkartuko dira lehen aldiz

2026/01/19
Yoko Ogawaren "La fórmula preferida del profesor" eleberriaz aritzeko bilduko dira etzi, eguaztena, urtarrilak 21, gaztelerazko irakurle taldeko kideak ikasturteko lehenengo saioan, Mónica Leivak gidatuta.

Soraluzeko Udal Liburutegiak 2024-2025 ikasturte amaieran erabiltzaileei pasatako gogobetetze inkestek adierazi zuten gaztelerazko irakurle taldean parte hartuko luketeela hainbatek. Hori aintzat hartuta, gaztelerazko irakurle taldea antolatu du liburutegiak 2026rako eta, urtarriletik maiatzera bitarte, hiru saio programatu ditu.

Eguazten honetan, urtarrilaren 21ean, bilduko dira taldekideak lehen aldiz Mónica Leiva katalan jatorriko kazetariaren gidaritzapean. Momentuz, bost lagunek eman du izena gaztelerazko irakurle taldean; izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.

Lehen hitzordua eguaztenean

Yoko Ogawak (Japonia, 1962) Japoniako literatur saririk garrantzitsuenak irabazi ditu, eta eleberri ospetsuak idatzi ditu, hala nola, La fórmula preferida del profesor best seller ospetsua. 

Ama ezkongabe bat matematikako irakasle zahar eta zorrotz baten etxean sartzen da laguntzaile gisa lan egitera. Hala ere, ez da edozein irakasle: garai batean matematikari ezaguna izan zen, baina, istripu tragiko baten ondoren, azken laurogei minutuetan gertatutakoa besterik ez du gogoratzen. Zenbakiak eta problema matematikoak ebazteko grina izaten jarraitzen duten arren, gauza garrantzitsuak post-itetan apuntatu behar ditu egunero errepasatzeko, inguratzen dutenen nortasuna barne. Hala ere, irakasleak onartu egingo du bere bizitzan laguntzailearen eta hamar urteko semearen sarrera. Apurka-apurka, maitasunean eta jakintzaren transmisioan oinarritutako harreman ederra sortuko da hiruren artean.

Eguna: eguaztena, urtarrilak 21

Ordua: 18:30

Lekua: Udal liburutegia

Irakurle taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.