Soraluzeko ibai-paisaiaren Plan Integralaren baitan, ibilaldi didaktikoa antolatu da herritarrentzat datorren zapaturako, apirilak 25

Soraluzeko ibai-paisaiaren Plan Integralaren baitan, ibilaldi didaktikoa antolatu da herritarrentzat datorren zapaturako, apirilak 25

2026/04/20
Soraluzeko ibai-paisaiaren Plan Integralaren baitan, ibilaldi didaktikoa antolatu da herritarrentzat datorren zapaturako, apirilak 25; dagoeneko eman daiteke izena.

Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak ibilaldi didaktikoa antolatu du Soraluzeko ibai-paisaiaren Plan Integralaren baitan, datorren zapaturako, apirilak 25, goizeko 11:00etatik 13:30etara, Oleako zubitik Plaza Zaharrera bitarte.

Jardueraren helburua uraren eta herritaren arteko harremanean sakontzea da, eta ibaiaren egoera hobetzeko zein arriskuak murrizteko ekintza posibleei buruz hausnartzeko aukera ematea.

Ibilaldi erraz bezain aberatsa

Oleako zubitik Plaza Zaharrea bitarteko 1,8 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute parte hartzaileek, ibai bat ur-bide bat baino askoz gehiago dela ikusteko. Alde batetik, ingurumenarekin, ondarearekin, hidraulikarekin edo hirigintzarekin lotutako hainbat alderdi ezagutuko dituzte, eta uraren ibilbideari lotutako elementuei eta pertzepzioei buruzko eztabaida eta esplorazio bateratua irekiko da.

Bestetik, gaur egungo egoera hobetzeko edo arriskuak gutxitzeko ekintza potentzialak aztertuko dira; horretarako, Lara del Valle Andrade arkitektoak eta Aida Lopez Urbaneja ingurugirolariak, Plan Estrategikoaren ardura duten paisajistek, gidatuko dute ibilaldia, herriko zenbait agente garrantzitsurekin batera.

Ibilaldi erraza da irisgarritasunaren aldetik, baina aberatsa ezagutuko diren lekuei dagokionez. Gainera, egokia da profil eta adin guztietarako eta ordutegi irekia izango du, nahi denean bat egiteko edo ibilaldia uzteko. Dena den, antolatzaileek amaieraraino iristea gomendatzen dute, bukaeran zerbait jateko aukera egongo baita.

Hitzordua zapatuan

Antolatzaileek soraluzetar oro animatzen dute ibilaldi didaktikoan parte hartzera; ibiltzeko oinetako erosoak eta, euria eginez gero, arropa iragazgaitza eta aterkia eramatea gomendatzen dute.

Aurretik izena ematea gomendatzen da, antolaketa errazteko, baina, izena eman gabeko pertsonek ere parte hartu ahal izango dute ibilbidean. Izen-ematerako ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea.

Eguna: apirilak 25, zapatua
Ordua: 10:45 (11:00tan hasiko da ibilaldia)

Ibilbidea: Oleako zubia → Kereixeta erreka → Atxuriko pasabidea → Zubi Nagusia → SAPA → Gabolats → Plaza Zaharra