Ikasturte amaierako jaia antolatu dute Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek biharko, zapatua, ekainak 20
Soraluzeko ume eta gaztetxoek oporrak hartu berritan, ikasturte amaierako jaia antolatu dute Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek elkarlanean. Uretako puzgarriak, apar-festa koloretsua eta herri bazkariak biribilduko du eguna. Iazko jaiaren arrakasta ikusirik, aurten ere, elkarlana izan da ikasturte amaierako jaiaren oinarria.
Aurtengoan Frontoi zaharra izango da gune nagusia eta bertan goiz nahiz arratsaldez uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute Soraluzeko haur nahiz gazteek.
Goizean, 11:00-13:00 bitarte eta arratsaldean, 16:00-19:00 artean egongo da ur-puzgarrien parkea martxan. Elkarteko gurasoek taberna ere montatuko dute, hurbiltzen diren soraluzetarrei jan-edana eskaintzeko. Gainera, Musika Eskolako komuna ere irekiko dute, zerbitzua osatzeko asmoz.
Eguerdian, ostera, herri bazkaria antolatu dute 14:00etan Elizpean. Herri bazkaria nork bere etxetik ekarritako jan-edanekin egingo da, baina, mahaia eta aulkia erreserbatzeko aukera dago esteka honetan: erreserbatu mahaia eta aulkia.
Arratsaldeko ekintza azpimarragarria apar-festa izango da; ur-puzgarrien parkeari amaiera emango zaio koloretako apar-festarekin 18:30ean.
Herriko ume, gazte eta familia guztiak festara bertaratu eta egunaz gozatzera animatu nahi dituzte antolatzaileek, horrela, ikasturteari amaiera guztiek elkarrekin ematea baita helburua.
