Panpinen Pijama Festa egingo da gaur arratsaldean liburutegian, 16:30etik 19:30era bitarte
Udal Liburutegiak ikasturte amaierako ekintza sorta antolatu du datozen asteetarako: Panpinen Pijama Festa, online katalogoa erabiltzen ikasteko tailerra jendartEKINeko kideentzat eta Liburutegia Kalera.
Ekintza guzti horiekin batera udako ordutegia estreinatuko du datorren astetik aurrera, ekainaren 1etik irailaren 14ra arte, hain zuzen ere, eta goizez bakarrik egongo da liburutegia zabalik, astelehenetik barixakura 10:00etatik 13:00tara. Gainera, uztailaren 31tik abuztuaren 24ra, oporregatik itxita egongo da.
Panpinen Pijama Festa
Ikasturteko ohiko martxa gutxitu egiten da liburutegian uda sasoiko hilabeteetan. Hori dela eta, haurren artean irakurzaletasuna zein literaturzaletasuna bultzatzeko eta udarako mailegua sustatzeko, Panpinen Pijama Festa antolatu da etxeko txikienentzat, bi urtetik gorako neska-mutikoentzat, hain zuzen ere. Iaz, 2025ean, egin zen estreinakoz eta ekimen arrakastatsua izan zen.
Gaur arratsaldean, maiatzaren 26an, martitzena, haien panpina kuttuna ekarriko dute haurrek liburutegira, festan handian parte har dezan: ipuinak ikusi eta entzungo dituzte, elkarrekin jolastu, merienda goxoa jan eta guztiek batera egingo dute liburutegian lo. Hurrengo egunean, bihar, eguaztena, maiatzak 27, umeak panpinaren bila itzuliko dira liburutegira eta hark aukeratutako liburua eramango dute etxera maileguan, elkarrekin ikusi eta irakurtzeko.

Udako ordutegiarekin, jaso liburua kiroldegian
Udal liburutegiak goizeko ordutegia izaten du opor-sasoian: uda garaian, Gabonetan eta Aste Santuan. Ordutegi hori herritar eta irakurle guztientzat egokia ez dela jakitun, aurrez eskatutako liburuak kiroldegiko harreran jasotzeko aukera egongo da aurrerantzean; izan ere, Arane kiroldegiaren ordutegia liburutegiak eskainzen duena baino zabalagoa da. Hartara, goizeko ordutegian udal liburutegira joan ezin diren erabiltzaileei irakurgaiak maileguan hartzeko aukera eman nahi zaie.
Honako urratsak eman beharko dira zerbitzua erabiltzeko:
- Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen online katalogoan kontsultatu interesatzen zaizun liburua Soraluzeko liburutegian badagoen eta libre dagoen.
- Eskatu mailegua udal liburutegian telefonoz (943752074), Whatsappez (943752074) edo posta elektronikoz. Mailegua egiteko liburutegiko erabiltzaile txartelaren zenbakia eman beharko duzu.
- Jaso liburua Arane kiroldegiko harreran, gehienez ere, bi eguneko epean.
Udal liburutegiaren eta Arane kiroldegiaren martxan ona bermatzeko, zerbitzua arduraz erabiltzeko deia egin nahi zaie erabiltzaileei.