Soraluzeko Udalak diru-laguntzak emango ditu ekintzailetza eta tokiko enpresen ondorengotza bultzatzeko

Soraluzeko Udalak diru-laguntzak emango ditu ekintzailetza eta tokiko enpresen ondorengotza bultzatzeko

2026/04/08
Bizi dugun krisi ekonomiko testuinguruan, negozio bat sortzera abiatzen diren pertsonei laguntzea dute xede diru-laguntza hauek; baita negozioak ondorengotzan hartzen dituzten pertsonak babestea ere, jarduera ekonomikorik itxi ez dadin.

Soraluzeko Udalak negozio bat abian jartzen duten pertsonak laguntzeko diru-laguntza sorta jarri du martxan. Gainera, ondorengotza-ildoari ere eutsi nahi dio, jarduera ekonomikorik itxi ez dadin. Horrela, Soraluzen sustatzen diren eta enplegua sortzen duten enpresa-ekimenek jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Diru-laguntzek merkataritza eta enpresa jarduerak indartzeko eta martxan jartzeko erraztasunak ematea dute jomuga. Diru-laguntzak bi ildo ditu: batetik, enplegua sortzen duten jarduera ekonomiko berriak sustatzea; eta, bestetik, enpresa-ekimen baten ondorengotza edo erreleboa erraztea. Proiektu berrian, gutxienez zuzeneko lanpostu bat sortzea jaso beharko da, enplegu berria sortzeko.

3.000 euroko laguntzak, negozio berriei laguntzea eta itxierak saihestea helburu

Diru-laguntza horien aurrekontua 12.000 eurokoa da, eta honela banatuko da: enpresetan merkataritza-eskualdaketak egiteko laguntzak, 6.000 euro; eta beste 6.000 euro, jarduera berriak abian jarri nahi dituzten partikularren kasuan. Modalitate bietan, eskatzaile bakoitzak 3.000 euro jasoko du, gehienez ere.

Negozio berriek, besteak beste, ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte: lantokia Soraluzen kokatuta egon beharko da, baita enpresaren egoitza soziala eta fiskala ere; proiektuak barne hartu behar du lanaldi osoko edo partzialeko lanpostu bat sortzea 12 hilabetez, hauek proiektuaren sustatzaileak ere izan daitezke; Debegesako Garapen Ekonomikorako Sozietatearekin Bideragarritasun Plan bat egina izatea, edo horren onarpena izatea; negozio aukera deskribatzea, baita salmenta-aurreikuspenak asetzen dituen merkatuaren beharra ere, eta salmenten aurreikuspenak arrazoituta justifikatzea.

Bestetik, ondorengotza bidezko diru-laguntzen kasuan, honako baldintza hauek bete beharko dira, besteak beste: jarduera Soraluzen egotea; oinordetza 2025eko uztailaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean izatea, eta proiektuak urtebeteko epean lanpostu bat sortzea.

Eskabideak aurkeztea

Interesdunek 2026ko maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta modu elektronikoan egin beharko dira, Erregistro elektronikoa atalean eskaera eginez edo posta elektronikoz  helbidera bidaliz, aurkeztu beharreko dokumentuak atxikiz.

Jarraian kontsulta eta deskargatu ditzakezu aipatutako prozeduran erabili beharko diren dokumentu ereduak.