
LGTBIQ+ Harrotasunaren aldeko adierazpen instituzional adostua eta elkarretaratzeko deia
Ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren, sexu askapenaren eta harrotasunaren egunean, LGTBIQ+ mugimenduaz harro gaudela aldarrikatu nahi dugu eta gure konpromisoa berresten dugu aniztasunarekin, LGTBIQ+ eskubideekin eta bizikidetzarekin.
Ezin dugu onartu ideologia faxistak defendatzen dituzten taldeen itzulerak eta baita foro publiko jakin batzuetatik izaten diren saiakerak ere, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei eta pertsona guztien berdintasunari buruzko zalantzak sortzea, ez eta gizartean jarrera hauek arrakasta eta eragina izatea ere. Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, eskubide berdintasunean eta ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa da. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.
Horregatik guztiagatik Soraluzeko udaletxean konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGBTIQ+ mugimenduko kide eta norbanakoekin prozesu bat abiatu eta elkarrekin Soraluzeko egoera lantzeko. Horretarako lehenbiziko aukerak sortuz, 2025eko udazkenean zehar antolatuko dugun Xerka hitzaldi eta erakusketa aitzakia bezala hartuta.
Honetaz gain, dei egiten dugu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, bereziki ekainaren 28an, zapatuan, 13:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan partzeko hartzera.
Amaitzeko, LGBTIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu; batez ere Soraluzen LGTIBQ+ komunitatearen eskubideen alde borrokatu diren pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen duzuelako.
Gora ekainaren 28a!
SoraluzetHarrok aske maitte, harro bizi!