Katamarran, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek antolatuta, Guraso Eskola izango da 2026-2027 ikasturtean ere
Herriko hiru guraso elkarteen ekimenez, Katamarran ume-txokoa, eta Atxolin eta Keixeta IGE, hain zuzen ere, Guraso Eskola iraunkorra antolatuko da 2026-2027 ikasturterako. Joan den ikasturtean izandako balorazio positiboaren ostean, jarraipena izango du Guraso Eskolak datorren ikasturtean ere.
Edozein adinetako seme-alabak dituzten gurasoek parte hartu ahal izango dute eta komunikazio ez-bortitzaren printzipioak ikastea izango du xede: seme-alabekin modu sakonagoan konektatzea, gatazkak modu baketsuan eta eraikitzailean konpontzea eta familia-lotura eta -giro harmoniatsuagoa lortzea.
Parte-hartzaileek hainbat onura lortuko dituzte Guraso Eskolako formakuntzei esker; hala nola, enpatiaz eta ulermenez entzuten, beharrak eta sentimenduak asertiboki adierazten, familiarekiko konfiantza eta errespetua indartzen eta gatazkak konpontzeko trebetasunak garatzen.
Nerea Mendizabal hezitzaile eta psikopedagogoak, komunikazio ez bortitzean aditua, bideratuko du datorren ikasturtean ere Guraso Eskola.
Guraso Eskolaren funtzionamendua
Guraso Eskola urritik maiatzera bitarte, zazpi saiotan, hilean behin bilduko da bi orduz. Saio bakoitzean gai bat landuko da teorikoki zein praktikoki, eta jarraian, parte-hartzaileek beraiek ekarritako gai eta egoerak aztertzera bideratuko da lanketa. Espazio seguru eta konfidentziala izan nahi du Guraso Eskolak, eta parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zenbateraino inplikatu nahi duen.
Hilabeteko lehen martitzenean (urtarrilean izan ezik) bilduko da taldea, arratsaldeko 18:00etatik 20:00tara bitarte. Hauexek izango dira data zehatzak:
- Urriak 7
- Azaroak 4
- Abenduak 2
- Otsailak 3
- Martxoak 3
- Apirilak 7
- Maiatzak 5
Izen-ematea eta prezioa
Guraso Eskolako izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta irailaren 4ra arteko epea izango da horretarako. Izena emateko, ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea. Ordainketa ere izen-ematearekin batera egin beharko da.
Gehienez ere 15 laguneko taldea osatuko da. Leku baino izen-emate gehiago baldin badaude, izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko da taldea, eta gainerako pertsonak itxaron-zerrendan geratuko dira.
Prezioa 60 euro izango Katamarran, Atxolin edo Keixeta guraso elkarteetako kideentzat; gainerakoentzat, ostera, 90 euro.