Kiroldegiko aterpea jolasgune: zapatuko jolasak eta domeketako irristaketa
Iazko esperientzia kontuan hartuta, aurtengoan ere Soraluzeko ume, gazte eta familiei negu giroan aterpe bat eta aisialdia elkarrekin gozatzeko gune bat eskaini asmoz, azarotik martxora bitarteko asteburutan kiroldegiko frontoia auzolanean irekitzea izango du helburu irristaketa taldetik eta Aisialdia Elkarrekin lan taldetik sustatutako dinamikak.
Urte hasieran, urtarriletik martxora bitarteko zapatutan jolaserako eta aterpeaz gozatzeko Kiroldegiko frontoia ireki zen, gurasoen artean txandak eginez. Ekimenaren balorazio positiboa oinarri, aurtengoan ere azarotik martxora bitarteko zapatutan (bestelako kirol ekimenik ez dagoenetan) irekitzea da asmoa.
Horrez gain, badira hainbat urte irristaketa taldetik eta guraso batzuen ekimenez domeka goizetan irristaketarako kiroldegiko frontoia irekitzen dela. Ekimen hau ere auzolanean egitea da helburua hemendik aurrera.
Hori horrela, bi ekimenak elkartu eta herriko umen nahiz gaztetxoen familiak animatu nahi dira txanda bat egin eta auzolanean udazken-negu sasoian aterpe bat eskuragarri jartzera.
Bi ekimen auzolanean aterpeaz, jolasaz eta irristaketaz gozatzeko
Zapatu arratsaldetan, jolaserako eta aterpeaz gozatzeko gunea:
Noiz: 16:30-18:45 bitartean, azarotik martxora bitarteko zapatutan
LH2tik beherako umeak (LH2 barne) heldu erreferente batekin etorri beharko dira derrigorrez. Frontoian ez da jolas antolaturik egongo eta familia bileran adostutako arauak bete beharko dira. Espazioa gurasoen artean txandak eginez irekiko da, oso modu errazean eta bertan eskuragarri jarritako materiala erabiliz.

Domeka goizetan, irristaketa gunea:
Noiz: 11:00 - 12:45 bitartean, azarotik martxora bitarteko domeketan
Domeka goizetan berriz, irristaketa praktikatzeko irekiko litzateke. Horretarako, Marras irristaketa taldeak eskuragarri jarriko luke material konkretu bat eta partaide bakoitzak bere patinatzeko materiala eta segurtasun kaskoa ekarri beharko luke. Gurasoek espazioa ireki eta zehaztutako arauak betetzen direla ziurtatu beharko lukete.

Familien inplikazioa ezinbestekoa
Bi ekimen hauek posible izan daitezen, familiak inplikatu eta auzolanean aritzea ezinbestekoa izango da. Gurasoen artean gero eta txanda gehiago banatuz gero, egun gehiagotan irekiko da eta beraz, herriko ume eta gazteek aterpean aritzeko aukera gehiago izango dituzte.
Gurasorik animatuko ez balitz, ezingo lirateke ekimen hauek aurrera atera. Eta beraz egitasmoaren sustatzaileak auzolanean herriko familiak inplikatzeko deia egin nahi dute. Herri biziago bat eta aukera gehiago eskaintzen dituena denon parte hartzearekin eta komunitatean eraikitzen baita. Beraz, txandaren bat betetzeko prest dauden familiek galdetegi hau bete beharko dute: izen-ematea
Dena behar bezala antolatzeko, bilera bakarra egingo da: urriaren 29an, osteguna, 18:00etan Kalebarren 8an.