2025eko egutegirako herritarren argazkiak jasotzeko epea zabalik.
Plaentxia.eus

2025eko egutegirako herritarren argazkiak jasotzeko epea zabalik.

2024/03/27
2025eko egutegia ilustratuko duten argazki nagusiak herritarrenak izango dira; hori dela eta herritarrak parte hartzera animatu ditu udalak. Uztailaren 15a arte bidal daitezke argazkiak.

Badira urte batzuk Kontrargi Argazki taldeak eta Soraluzeko Udalak elkarlanean herriko egutegia kaleratzen dutela. Egutegia aldatuz joan da urtez urte eta 2024tik herritarren argazkiak dira protagonista bertan.

Soraluzeko Udalak eta Kontrargi Argazki taldeak azken egutegiaren balorazio positiboa eginda, ildo beretik jarraituko da aurtengoan. Edizio honetan gainera, herritarren argazki kopurua handiagoa izango da. 

Herriko pertsona ezberdinek momentu nahiz leku bereziz ilustratuko dituzte egutegiko orrialdeak, Kontrargi Argazki taldeko kideekin batera. Hori dela eta, herritarrak animatu nahi dira parte hartzera.

Argazkiak honako helbidera bidali beharko dira: kontrargiAK@gmail.com, uztailaren 15a baino lehen. Bertan jasotzen diren argazki ezberdinen artetik, 10 aukeratuko dituzte Kontrargiko kide eta Udaleko ordezkariek. Horietatik argazki bana portada eta kontraportada osatzeko erabiliko dira eta beste zortzi argazkiak aldiz, hilabete banari lotuta agertuko dira. Gainontzeko argazkiak hurrengo urteetarako gordetzeko aukera ere aztertuko da. 

Argazkiak bidaltzeko irizpideak honakoak izango dira:

  • Soraluzeko une edo momenturen bati (pasaiak, kaleak, eraikinak, jaiak, kirola, herri ekimenak…) lotutako argazkia izan beharko da. 
  • Soraluzeko herrian ateratako argazkia izan beharko da. 
  • Argazkia horizontalean ateratakoa izan beharko da (panoramikorik ez da onartuko)
  • Argazkia ahalik eta kalitate onenean bidali beharko da. 
  • Argazkiaren neurriak 20,5 x 30,5 cm izango dira; bakoitzak jarri ezean Kontrargi arduratuko da neurri honetara egokitzen.
  • Partehartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki bidali ahal izango ditu.
  • Argazkiarekin batera honako DATUAK bidali beharko dira.
    • Izena eta bi abizen
    • Kontakturako telefonoa
    • Kontakturako emaila
    • Argazkiaren titulua.
    • Argazkia zein hilabetetan aterata dagoen.

Argazki aukeratuak zeintzuk izan diren, iraila hasieran kaleratuko da. Ostean, 2025eko egutegia Gaztañerre azoka aurretik ipiniko da saltzen herriko komertzio ezberdinetan.