2026ko martxoaren 8rako adierazpena eta egitaraua
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izaki, ekintza ugari antolatu dituzte Soraluzeko hainbat eragilek; besteak beste, Soraluzeko emakume* feministak taldea, Soraluzeko Udaleko Berdintasun, Hezkuntza, eta Kultura Batzordeek, Udal Liburutegiak, Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak eta Oreka Art galeriak programatu dituzte askotariko jarduerak martxoaren 8rako eta aurreko zein ondorengo egunetarako.
Halaber, Soraluzeko Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute.
Askotariko jarduerak
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak martxoaren 8tik harago joango dira aurten ere; izan ere, martxoaren 2tik 18ra bitarte antolatu dira jarduerak. Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean jardun dute, zeharlerrokotasunez, egitarau oparoaren antolaketan.
Soraluzeko emakume* feministak taldea arduratu da zapatuko, martxoaren 8ko, egitaraua prestatzeaz. Programatutakoen artean, manifa eta herriko 100 emakume baino gehiagoren parte-hartzea izango duen ekitaldi musikatua daude.
Horretaz gain, antzerki aukera oparoa antolatu da: eskola-umeek Abentura kuantikoa antzezlana ikusi ahal izan dute, gaur iluntzean La Deskarada obra eskainiko du Ane Gebarak eta datorren astelehenean RedNUDES antzezlana izango dute ikusgai institutoko ikasleek.
Gainera, udal liburutegiaren ikasturteko ekintzak gaiari lotuta egongo dira hilabete honetan, emakumeen gaia lantzen duten irakurgaiak izango baitituzte hizpide; euskarazko eta gaztelerazko irakurle taldea, irakurketa errazeko taldea eta haurren irakurketa txokoa.

Adierazpen instituzional adostua
Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek ondorengo adierazpen insituzional adostua kaleratu dute 2026ko martxoaren 8rako.
Feminismoa, eraldaketa sozialerako oinarri
Martxoaren 8ak emakumeok historian zehar egindako borroka eta ekarpena aitortzeko, eta oraindik ere eskuratu gabeko eskubideen aldeko aldarria plazaratzeko eguna izaten jarraitzen du. Egun hau ez da ospakizun hutsa; honaino iristeko borroka egin duen mugimendu feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da, bereziki diskurtso negazionistak eta atzerakoiak indartzen ari diren testuinguru honetan.
Gure gizartean oraindik ere soldata-arrakala, zaintza lanen banaketa desorekatua, sektore feminizatuen prekarizazioa eta indarkeria matxista pairatzen ditugu. Euskal Herrian, 2025eko otsaileko datuen arabera, soldata-arrakala %16,47koa da EAEn eta %18,54koa Nafarroan, eta are handiagoa da gazteen eta adinekoen kolektiboetan. Gainera, emakumeen %24,8k Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren pareko edo hortik beherako irabaziak ditu. Guzti honek agerian uzten du egiturazko desberdintasuna, arrakala estrukturala dela; alegia.
Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, Soraluzen ere, dinamika eraldatzaile eta partekatuen beharra agerikoa da, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatuz eta indartuz. Erronka horri eutsiz, udalak konpromiso sendoak hartzen dihardu, emakumeen aurkako desberdintasunak eta indarkeriak desagerrarazteko bidean. Horretarako, IV. Berdintasun Plana osatzeko prozesuan buru belarri ari da mugimendu feminista, herri eragile eta herritarrekin eskuz esku, lau ardatz nagusi oinarri hartuta: Gobernu Ona, Emakumeen Ahalduntzea, Gizarte-Antolaketa Bidezkoa, eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzak. Plan honek genero ikuspegia udal politika guztietan txertatzen jarraitzea, Berdintasun Arloa indartzea, eta herriko mugimendu feministarekin lankidetza sistematikoa bultzatzea ditu oinarri.
Parte-hartze egonkor eta sistematiko hori ezinbestekoa da gobernantza feminista eta herri akordioak eraikitzeko bidean, eta plan honen baitan indartzen da, halaber, Ahalduntze Eskolaren dinamika, herriko emakumeen parte-hartze eta saretze feministarako gune nagusi gisa.
Feminismoa defendatzea ez da soilik diskurtsoa aldarrikatzea; baliabideak jartzea da, erabaki guneetan presentzia orekatua bermatzea da, hezkuntzan, kulturan, kirolaren antolaketan eta hirigintzan ere begirada feminista txertatzea da. Eta horretan ari da Soraluzeko Udala herritarrekin batera, IV. Berdintasun Planaren garapenean eta zehar lerrokotasunaren aldeko apustuan.
Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak:
- Indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko eta biktimentzako arreta hobetzeko neurriak hartzeko konpromisoa berresten du.
- Udaleko erabaki organoetan eta parte-hartze prozesuetan emakumeen presentzia orekatua bermatzearen aldeko apustua berresten du, I.Berdintasun Barne Plana aurrera eramanez.
- IV. Berdintasun Plana garatzeko konpromisoa hartzen du, urteroko plan operatiboen bidez, aurrekontu egokiekin, eta planaren jarraipena herriko mugimendu feministarekin batera egiteko.
- Emakumeon* ahalduntze eskolaren dinamika arrakastatsuari jarraipena eman eta ahalduntzerako espazio propioak bultzatzen jarraituko du.
- Zaintzen aldeko Herri Akordioarekin bat egiten du, eta zaintza lanen balioan jartzeko eta banaketa orekatua sustatzeko konpromisoa berresten du.
- Soraluzeko mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek antolatutako ekimen eta mobilizazioei babesa eta sostengua adierazten die, eta herritar guztiei dei egiten die martxoaren 8ko asteko ekimenetan parte hartzera eta bereziki, martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera.
Feminismoa ezinbesteko tresna da gizarte bidezkoagoa eraikitzeko; indarkeriarik gabea, berdintasuna oinarri duena eta demokratikoagoa. Horretarako, instituzioek eta mugimendu feministak elkarrekin lan egiten jarraitu behar dugu, norabide berean.
Amaitzeko, martxoaren 8an, kaleak feminismoz betetzeko deia egin nahi zaio herri osoari. Eta egun honetako aldarrikapena urte osora zabaltzeko pausoak ematen jarraitzeko determinazioa erakutsi; instituzioetatik nahiz kaletik.