Abian da "Horian zer?" kanpaina

2021/03/30
"Horian zer?" izeneko kanpaina abiatu du Mankomunitateak, hondakinen birziklapenaren inguruko heziketa sustatzeko eta edukiontzi horian zein hondakin utzi daitezkeen azaltzeko.

Mankomunitateak egunero dihardu gaikako bilketa areagotzeko ahaleginak egiten. Oraingoan “Horian zer?” kanpaina jarri du martxan, edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez azaltzea helburu duena. Martxoaren 22tik 28ra arte iraungo du kanpainak.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “azaroan egindako azterketa batek erakutsi zuen edukiontzi horian hainbat hondakin desegoki agertzen direla gure eskualdean. Honek birziklatze-prozesuan eragiten dituen arazoak aztertu ondoren, erabaki dugu herritarrengana jotzea. Egitasmo hezitzailea da, Ecoembesekin batera garatu duguna. Gidaliburu bat banatu dugu eskualdeko etxebizitza guztietara azalduz horian zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez. Herritar guztiengana iritsi nahi dugu, gaikako bilketa hobetzeko nahitaezkoa delako guztion inplikazioa. Horretarako biderik hoberena sentsibilizazioa eta jakintza zabaltzea da. Guztiok ulertu behar dugu edukiontzi bakoitzean zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez, gure ohiturak zuzentzeko eta gure eraginaz kontziente izateko.”

Gidaliburu hezitzailea herritar guztientzat

“Horian zer?” gidaliburu hezitzailea banatuko da eskualdeko etxe guztietara aste honetan, elebitan. “Batzuetan ezjakintasuna da oker birziklatzeko faktoreetako bat, horregatik sortu dugu gidaliburu esplikatiboa Ecoembes-ekin batera. Bisualki eta irudien bidez, erraz ulertzeko moduan azaltzen dira horira bota daitezkeen ontzi arinak eta bota ezin daitezkeen gainerako plastikoak. Esaterako, ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak (etxeko plastikozko tresnak edo tupperrak, adb.) ezin dira edukiontzi horian utzi. Helburua da eragina izatea eta herritarrek birziklatzerako orduan hobeto identifikatzea edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez.”

Eibarko edukiontzi inguruetan informazioa

Agifes elkartearekin ere bat egin du Mankomunitateak kanpaina honetan. Elkarteko kideak Eibarko Urkizuko eta Dos de Mayoko anbulategiko edukiontzi guneetan egongo dira asteartean, asteazkenean eta ostiralean 11:30etatik 13:00etara herritarrei informazioa helarazteko eta birziklatzean dituzten zalantzak erantzuteko.