Abian da robotika tailerra

2019/06/26
Astelehenean hasi zen udalak, Soraluce S. Coop.-ren laguntzarekin, antolatu duen robotika tailerra; haur eta gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da helburua.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, aurtengo udan ere robotika tailerra antolatu du Soraluzeko Udalak, "Gazte Robotika" egitasmoaren barruan eta Soraluce S. Coop. enpresaren lankidetzarekin.

"Gazte Robotika" egitasmoa Debegesa Garapen Agentziak koordinatzen du eta, bertan, Debabarreneko sei udalerrik hartzen dute parte, haur eta gaztetxoen artean STEAM bokazioak sustatzeko helburuarekin.

Tailerrean 3. mailatik 6. mailara arteko 34 gazte ari dira parte hartzen, ekainaren 24tik 28ra, goizeko 9:30etik 13:30era, Herriko Antzokian.

STEAM gaitasunak sustatzea

Azken urteotan gora egin du gure eskualdean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuak. Horren erakusgarri da arestian aipatutako "Gazte Robotika" egitasmoa, duela urtebete Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentziak abian jarritakoa. Egitasmo honen helburu nagusia da bokazio teknikoak sustatzea, eskualdeko enpresa industrialek izan ditzaketen beharrei (talentua) erantzuna emateko helburuarekin.

Ekimen hezigarri bat da, haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa pizteko asmoa duena (STEM deritzoten gaitasunak), modu praktiko eta dibertigarri batean.