Soraluzeko haur eta nerabeen kontseiluak sortu dituzte

Soraluzeko haur eta nerabeen kontseiluak sortu dituzte

2023/02/27
Haur eta Nerabeen Kontseilu bana sortu ditu Soraluzeko Udalak; kontsultarako organoak izango dira eta herriko gaztetxoen ikuspuntua politika publikoetan txertatzea da helburua.

Haur eta Nerabeen kontseilu bana sortu ditu Soraluzeko Udalak, Haurrak eta Gazteak Batzordearen proposamenez. Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean burutzen dihardu udalak.

Kontseiluaren sorrerak orain artean haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko egindako lanari jarraipena ematera dator, lan hori sistematizatzera hain zuzen ere.

Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.

Bi kontseilu sortuko dira: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsonaz osatuta dago eta urtean 3 aldiz bilduko da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratuko dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.

Kontseiluaren lehen bilerak aste honetan egingo dira, gaur, astelehena, haurrena eta ostiralean, nerabeena.

Bileretan Alkateak parte hartuko du, Udaleko teknikariekin eta saioak dinamizatuko dituzten hezitzaileekin batera.