Adierazpen Instituzionala
Soraluzeko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du "La Manada"-ko kideak 6.000 euroko fidantzapean behin-behinean aske utzi dituztelako bere haserrea agertuz.
Nafarroako Probintzia Auzitegiak "La Manada"-ko kideak 6.000 euroko fidantzapean behin-behineko askatasunean uzteko hartu duen erabakiaren berri izan ondoren, Soraluzeko Udalak ondorengoa adierazi nahi du:
- Udal honen eta Soraluzeko herriaren babes, maitasun eta elkartasun guztia helarazten die biktimari eta bere gertuko senitartekoei.
- Bere etsipena eta haserrea adierazten du erabaki honen aurrean; zeina albiste txarra iruditzen zaion, nola politikoki hala judizialki, gertatutakoak izan zuen larritasunagatik eta ez delako erasotzaileek antzeko erasorik egiten duten lehendabiziko aldia (gogora ekarri behar da "La Manada"-ko bost kideetako lauk oraintxe instrukzio fasean dagoen salaketa bati aurre egin beharko diotela, Pozoblancon izandako sexu eraso bategatik).
- Adierazi nahi du Nafarroako Probintzia Auzitegiarena bezalako erabakiek erakusten dutela oraindik ez dela ondo ulertu emakumeen sexu askatasunaren aurkako delituak zein delitu larriak diren eta beharrezkoa dela epaile eta fiskalak genero indarkeria kontuetan behar den bezala formatzea, bistakoa baita epaileen hainbat erabaki ez direla ondo ezkontzen gizarteak indarkeria matxistaren eta emakumeen aurkako erasoen aurrean justizia aplikatu dadin egiten dituen eskaerekin.
- Aldarrikatzen du emakume orok askatasunerako daukan eskubidea eta, gogoratu eragin nahi du Soraluze eraso matxistarik onartzen ez duen udalerria dela.
- Baieztatu egin nahi du bere konpromisoa berdintasunaren eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko lanean eta patriarkatuaren adierazpen guztien aurkako borrokan.