Asier Blas adituak "Mendebaldearen dekadentzia eta hego globalaren igoera" hitzaldia eskaini zuen eguaztenean jendartEKINeko kideentzat

Asier Blas adituak "Mendebaldearen dekadentzia eta hego globalaren igoera" hitzaldia eskaini zuen eguaztenean jendartEKINeko kideentzat

2025/05/09
Joan den eguaztenean, maiatzaren 7an, jendartEKIN proiektuko kideek Asier Blas politikan adituaren "Mendebaldearen dekadentzia eta hego globalaren igoera" hitzaldia entzun ahal izan zuten.

jendartEKIN, 55 urtetik gorako pertsonek esperientziak trukatu eta ezagutza berriak eskuratzeko proiektuaren baitan, Mendebaldearen gainbeherari eta Hego Globalaren egoerari buruzko hitzaldia eman zuen eguaztenean Asier Blas Mendoza, Politika eta Administrazio Zientzietan doktoreak. Dozena bat inguru lagun elkartu ziren aurtengo ikasturteko azkenetariko hitzorduan.

Bertan aztertu zituen azaleratzen ari den mundu multipolar berria eta herrialdeen artean gertatzen ari diren lehia geopolitikoak, hegemonia ekonomikoa eta boterea lortzeko. Nagusitasun ekonomikoaren ikuspegitik, baliabideen, merkatuen eta ekoizpen-bideen kontrolean zentratu zituen, historian zehar munduan izan diren hegemonia-aldaketen gakoak, antzinako zibilizazioetatik hasi eta gaur egungo mundu-panoramara arte, non mendebaldearen nagusitasunaren gainbehera agertzen den, emergenteak diren beste herrialde berrien aurrean.   

Gainera, baliabide, merkatu eta ekoizpen-bideen kontrolean oinarritutako hegemonia aldaketak aztertu zituen, eta azpimarra jarri kontrol ekonomikoan, botere militarraren eta munduko kokapen estrategikoetan gerttatzen diren gerren arteko erlazioetan. Marko horretan kokatu zituen egungo lehia geopolitikoak, non Mendebaldeko Munduak gainbeheran duen hegemonia berreskuratu nahi duen, AEBen nagusitasunarekin eta osatzen duten gainerako herrialdeen berarenganako subalternitatearekin.

Datozen ekintzetarako izen-ematea

jendartEKIN proiektuaren baitan antolatutako ekintzetako batzuetan parte hartzeko taldeko kide egin beharra dago. Horretarako, emateko hiru bide daude:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
  • Aurrez aurre, Itxaropena jubilatuen etxean.