Aisialdia Elkarrekin lan-taldearen ekimenez, martxora arteko zapatutan kiroldegiko frontoia jolasgune bihurtuko da, asteburu honetatik aurrera

Aisialdia Elkarrekin lan-taldearen ekimenez, martxora arteko zapatutan kiroldegiko frontoia jolasgune bihurtuko da, asteburu honetatik aurrera

2026/01/23
Aisialdia Elkarrekin lan-taldearen ekimenez eta gurasoen arteko auzolanean oinarrituta, kiroldegiko frontoia irekutzeari ekingo zaio zapatu arratsaldetan ume, gazte eta familiei, asteburu honetatik aurrera.

Aisialdia Elkarrekin lan-taldearen ekimenez, Soraluzeko ume, gazte eta familiei negu giroan aterpe bat eta aisialdiaz elkarrekin gozatzeko gune bat eskaini asmoz, familiei proposamena egin zitzaien urtarriletik martxora bitarteko zapatu arratsaldeetan auzolanean kiroldegiko frontoia irekitzeko. 

Ekimenean arduradun gisa parte hartzeko interesa azaldu zuten familiekin bilera egin zen gabon ostean eta bertan adostu ziren ekimenaren funtzionamendua eta arauak. 

Zapatuan ekingo zaio kiroldegiko espazioa irekitzeari

Asteburu honetatik aurrera, frontoia libre dagoen zapatu arratsaldetan, 16:30-18:30 bitartean irekitzea da asmoa. 

Herriko ume, gazte eta familia guztiei zabalik egotea da helburua. LH2tik beherako umeak (LH 2 barne) heldu erreferente batekin etorri beharko dira derrigorrez. Frontoian ez da jolas antolaturik egongo; baina, jostailuak zein jolaserako materiala eraman daiteke bertan jolasean aritzeko. Jateko gune bat zehaztuko da, komunak erabilgarri egongo dira eta gustura egoteko espazio bat sortuko da mahai txiki batzuekin eta alfonbra goxo batekin. 

Ekimen honi familien arteko txandak antolatuz ekin zaio; zapatu bakoitzean bi pertsona helduk emango dute izena eta ardura hauek hartuko dituzte beren gain: frontoiko atea ireki-itxi, gunea prestatu, adosten diren arauen berri eman, espazioaren giroa zaindu…. Familia batzuk dagoeneko izena eman badute ere, aukera dago oraindik libre gelditu diren asteburuetan txanda gehiago egiteko. Egunen bat arduradun barik geratzen bada, ez da frontoia zabalduko; hori dela eta, lan-taldeak familiak animatu nahi ditu auzolanean parte hartzera. 

Ekimenaren berri izateko eta frontoia zein zapatu arratsaldetan irekiko den jakiteko whatsapp talde hau jarri da martxan: https://chat.whatsapp.com/Dxyl1GGxi8nGrvhXDg1idR

Lehendik ere badaude ereduak herrian

Urteak dira Marras Irristaketa taldeko hainbat gurasok antolatuta domeka goizetan irristaketa praktikatzeko kiroldegiko frontoia irekitzen dela. Ekimenak arrakasta handia du eta horren berri izateko taldea ere martxan dago:  https://chat.whatsapp.com/C0jmjaoR50FCqVD7t7joaV?mode=gi_c