"Alkarrekin Soraluze" aplikazioa aurkeztu du udalak

"Alkarrekin Soraluze" aplikazioa aurkeztu du udalak

2015/03/31
Mugikorretik kaleko gertakariak edo kexak bidaltzeko aukera ematen du, baita azken uneko gertakarien edo abisuen inguruko alertak mugikorrean jasotzeko aukera ere: bide mozketak, argi mozketak... epe motz-ertainean zerbitzu gehiago eskaintzen hasiko da aplikazioa: herriko agenda, autobus zerbitzuen ordutegiak eta SMART City proiektuko aplikaziok bertan txertatuko dira besteak beste. Aplikazioa deskargatzeko moduan dago.

Udalak jakinarazi du "etengabeko eboluzioan" egongo den tresna izango dela, eta helburua "Soraluzeko herritarrentzat interesgarriak diren zerbitzu guztiak bertan eskuragarri" izatea dela.

 

Udalarekiko komunikazioa errazteko

Aplikazioak udalaren eta herritarren arteko komunikazioa indartu nahi du: "herritarrek parte hartzeko eta euren ekarpena egiteko beste kanal bat izango dute kaleko gertakarien berri emanez. Horretarako behin aplikazioa mugikorrean deskargatu eta e-mail bidez erregistratuta, bidali nahi dugun gertakariari argazkia atera, GPS bidez mapan lokalizatu eta gertakariaren kategoria hautatuta bidali besterik ez da egin beharko".

Jakinarazpena helarazteko hiru urrats horiek eman osteko prozesua jarraitzeko aukera ere eskaintzen du aplikazioak: "udalean dagokion arduradunak gertakaria konpontzeko protokoloa jarriko du martxan kexaren edo gertakariaren bidaltzailearekin harremanetan jarrita. Guzti hori, nahi izan ezkero, modu publikoan egin ahal izango da eta edozein herritarrek jarraitu ahal izango du gertakari horri ematen zaion erantzuna aplikazioaren bidez. Azken finean, gardentasunez ikusiko da kudeaketa".

Udalak Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuan orain arte garatutakoari "beste dimentsio bat" gehitu nahi izan dio. "Proiektu estrategikoetan parte hartzeko espazioak eskaintzetik harago, eguneroko gauza txikiekin ere herria guztion artean hobetzeko ekarpena egin ahal izango da honela, modu errazean".

Jakinarazpenak bidaltzeko aukera emateaz gain, aplikazioa instalatzen duenak azken uneko gertakarien edo abisuen inguruko alertak ere jasoko ditu bere mugikorrean: bide mozketak, argi mozketak... Alkarrekini buruzko albiste guztiak ere aplikazioan irakurtzeko moduan daude. Datozen hilabeteetan martxan jarriko den udalaren webgune berriak ekarriko duen informazio guztia ere bertan ikusi ahal izango da.

 

Zerbitzu guztiak bertan

Aplikazioa hiru tresna horiekin abiatzen bada ere, etorkizunean zerbitzu gehiago eskaintzeko helburua duela jakinarazi dute udaletik: "Soraluzeko herritarren aplikazioa izan nahi du eta hargatik Alkarrekin Soraluze izena. Herritarra erdigunean izanda, udalaz gain, herriko bestelako erakunde eta eragileek ere aplikazioaren bidez zerbitzuak eskaintzeko aukera landuko dugu".

Epe motz-ertainean, aplikazioaren bitartez zerbitzu gehiago eskaintzeko asmoa du udalak: herriko agenda, autobus zerbitzuen ordutegiak eta SMART City proiektuko aplikazioak... bertan txertatuko dituzte.

 

Euskarazko bertsioa, lehen aukera

"Euskara Planeko hizkuntza irizpideei jarraituz" aplikazioa euskaraz deskargatuko da defektuz eta gazteleraz erabili nahi duenak menuan aldatu ahal izango du hizkuntza. Android-erako bertsioan eskuragarri dago jada, Play Storen, euskaraz. Hurrengo egunetan App Storen ere jarriko dute eskuragarri.