Alkatearen bandoa COVID-19aren harira

Alkatearen bandoa COVID-19aren harira

2020/07/22
Bandoa eman du alkateak asteburuan ospatzekoak ziren herriko jaiak bertan behera utzi direla gogora ekarriz eta erantzunkizun indibidual eta sozialerako deia luzatuz.

Bandoa eman du Iker Aldazabal alkateak COVID-19aren harira.

Gaur zabaldutako agirian, asteburu honetan ospatzekoak ziren Santiago eta Santa Ana jaiak bertan behera utzi zituela Udalak ekarri du gogora eta  erantzunkizun indibidual eta sozialerako deia luzatu die herritarrei.

Hauxe da, hitzez-hitz, bandoaren edukia:

"Covid 19 ak gure eguneroko bizitzan izan duen eragina nabaria izan da. Horregatik, orain gauden normaltasun berri honetan, oraindik ere zuhurtziaz eta arduraz jokatu beharrean aurkitzen gera, distantziak mantendu behar ditugu, musukoa eraman, garbitasun eta higiene neurriak bete….

Hau horrela, Soraluzeko Udalak herriko Santiago eta Santa Ana jaiak bertan behera uztea erabaki du, pentsatzen duelako bizitzen ari garen egoeran ez dela egokia orain arte antolatu izan diren moduko jaiak antolatzea. Ez da erabaki erraza izan herriko jaiak bertan behera uztea, baina uste dugu herritarren ongizateak eta osasunak lehentasuna izan behar dutela.

Azken egunotan herrian azaltzen ari diren Covid 19 kasuen aurrean erantzukizun indibidual eta sozialerako deia luzatzen dugu. Errespetatu ditzagun arauak, guztion mesederako baitira.

Seguru nago etorriko direla garai hobeak eta berriz ere aukera izango dugula jaietaz gozatu eta herri giroan ondo pasatzeko".