Anbulatorioko erizain eta medikuek eta Mesedeetako zaharren egoitzako langileek emango dute Santiago eta Santa Ana Jaietako pregoia

2022/07/13
Santiago eta Santa Ana jaiak uztailaren 22an hasi eta 26ra arte luzatuko dira eta egitarau zabala eta “guztiei eskainia” aurkeztu du festa batzordeak

Santiago eta Santa Ana jaiak aurkezteko ekitaldia eskaini zuten atzo arratsaldean udal ordezkariek eta festa batzordeko kideek. Prentsaurrekoan “oso pozik” agertu zen Soraluzeko alkate Iker Aldazabal, “normaltasun osoz” ospatu ahal izango direlako jaiak: “Pozarekin hartuko ditugu egun hauek, pandemiaren bi urte gogorren ondoren normaltasunera itzultzea esan nahi baitu horrek ere. Gogoratu nahi ditut hemen ez dauden pertsonak eta oso egoera mingarrietan lagun izan dituztenak. Eta aitorpen horretatik, etorkizunera begira jarri eta jaiak pozez eta itxaropenez bizitzera gonbidatu nahi ditut soraluzetarrak”. Era berean, 2022ko egitarauaren berri eman aurretik, Aldazabalek eskerrak eman zizkien egitarau hori posible egiten duten pertsona guztiei: “Eskerrak eman nahi dizkiet jai-batzordeko ordezkariei zein udal ordezkari eta teknikariei egitarau zabala eta anitza prestatzeko egiten duten lanagatik”. “Santiago eta Santa Ana jaiak irekiak dira, guztiok gozatzeko modukoak. Elkarrekin bizi eta ondo pasatzeko momentuak izango ditugu egun hauetan”, gaineratu zuen alkateak. 

Patricia Borinaga Berdintasuneko buruak, bere aldetik, festa egun horietan eraso matxisten aurkako mezua “indartu eta kalean ikusarazi” nahi dutela nabarmendu zuen. Hori lortzeko eraso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat eta Beldur Barik gidak banatuko dituzte tabernetan, eta Soraluzeko jaixetan aske gozatu!! lelodun zapiak jarriko dituzte eskuragarri establezimenduetan eta txosnetan. Udaletxeko fatxadan olana bat ere jarriko dute, gaitzespen-mezu batekin eta erasoren bat jasoz gero edo haren lekuko izanez gero erabilgarri izango diren telefono zenbakiekin. Era berean, mezu ezberdinak dituzten banderatxoak zintzilikatuko dira udalerriaren erdigunean. Gainera, uztailaren 23an Sexubizi informazio eta aholkularitza gunea ezarriko da Zubi Nagusian. Sexualitatea eta harreman osasuntsuak sustatzen dituen zerbitzua da. Espazio honek babes-leku izatea du helburu eta leku segurua izango da hala eskatzen duen edonorentzat. Bertan, genero-indarkeriari aurre egiteko materialak egongo dira eskuragarri: laguntza emozionala, informazioa, aholkularitza eta bideratzea.

Osasun langileei omenaldia

Jaiak datorren uztailaren 22an hasi eta hilaren 26ra arte luzatuko dira eta egitarau zabala izango dute. Alkateak nabarmendu zuenez, aurten omenaldi berezia izango da kanoikadan: “Anbulatorioko erizain eta medikuak eta Mesedeetako Zaharren Egoitzako langileak omendu nahi ditugu urte gogor hauetan egin dute lan handiagatik. Gu guztiok zaintzen aritu dira pandemiaren momentu gogorrenetan eta bi urte eta gero jaiak berriz ere ospatzera goazen honetan gure errekonozimendurik beroena eskaini nahi diegu”. Hala, jaien lehen egunean, gazteen bazkaria Zubi Nagusian ospatu eta futbito txapelketako kopako finala jokatu eta gero, 20.00etan hasiko dira jaiak kanoikadarekin eta bertan emango dute pregoia erizain, mediku eta Mesedeetako zaintzaileek. Jarraian, Galtzagorri txarangarekin kalejiran ibiltzeko aukera izango da. Txupinazoa eta gero, besteak beste, kontzertuak izango dira bizilagunen gozamenerako, 23.00etatik aurrera: Zubi Nagusian Polo Opuesto eta No Limits taldeak eta Plaza Zaharrean, berriz, De Mode Quartet. 

Hurrengo asteburuan zehar, bost egunez festa giroa izango da nagusi Soraluzen eta adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak eskainiko dira. Hala, besteak beste, ondokoak izango dira aukeran: Tio Teron taldearen dantza ikuskizuna (uztailak 23); Oihan Vegarekin disko festa (uztailak 23); apar festa (uztailak 26); bakailao lehiaketa (uztailak 26) arrakastatsua eta lehen aldiz, goi milako doako bertso saioa (uztailak 24), Alaia Martinekin, Saioa Alkaizarekin, Unai Iturriagarekin eta Amets Arzallusekin. Datorren ostiralean (uztailak 15) banatuko da etxeetan Pil-Pilean Euskara Elkarteak osatutako Santiago eta Santa Ana jaietako egitaraua. 

IKUSI EGITARAU OSOA