Animaliak jasotzeko zerbitzua

2021/07/20
Debabarreneko mankomunitatearen animaliak batzeko zerbitzuak 180 txakur eta katu baino gehiago artatu ditu azken urtean; elkarte animalistekin elkarlanean aritzen da lanean.

Txakurtegian, kalean jasotako animaliei bizitza berri bat emateko zerbitzua ematen du Mankomunitateak, animalien abandonoari aurre egiteko helburuarekin eta elkarte animalistekin elkarlanean.

Debabarrena Mankomunitateak, hondakin bilketa eta kale garbiketa bezalako zerbitzu ezagunez gain, abandonatutako etxeko animaliak, txakurrak eta katuak batez ere, biltzeko eta artatzeko zerbitzua ere badu. Albaitari arduradun batek eta animalien hezitzaile batek kalean jasotako animaliei arreta ematen diete Elgetako instalazioetan. 2020an 100 txakur eta 32 katu artatu ziren.

2020an artatu ziren txakurretatik, 100 jaso ziren kalean eta horietatik 80 jabeei itzuli zitzaizkien, 19 interesatuei eman zitzaizkien eta, tamalez, bati eutanasia errukiorra aplikatu behar izan zitzaion. Txakur horiez guztiez gain, beste 80 txakur ere itzuli zitzaizkien jabeei, tokian bertan identifikatu ostean eta txakurtegitik igaro behar izan gabe.

Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie txakur horiek adoptatzeko eta animalia horiei bizitza berri bat emateko sentsibilitatea erakusten duten familiei. Nolanahi ere, azpimarratu nahi da animaliak abandonatzeak ondorio legalak dituela, eta desagerrarazi beharreko praktika bat dela.

Katuei dagokienez, 2020an 32 katu antzutu ziren. Praktika horren bidez, gure kaleetan katuak ugaritzea saihesten da, gure gizartean animalia horiekiko egon daitezkeen sentsibilitate ezberdinen artean oreka lortzeko.

Elkarte animalistekin lankidetza

Mankomunitatearen animalien ongizate zerbitzuak lankidetza estua du Marcan Huella elkartearekin, etxerik gabeko animaliak adoptatzeko laguntza eskaintzen baitute. Mankomunitateak elkarteak egindako lana goraipatu eta eskertu nahi du, adopzioek arrakasta izan dezaten Mankomunitatearen zerbitzuari ematen dioten laguntzagatik.