Ansorena eta Senperenaren kotzertua

Ansorena eta Senperenaren kotzertua

2022/01/05
Peter Ansorena eta Joserra Senperenak "Euskal danbolinaren aroak" izenburuko kontzertua eskainiko dute etzi, larunbata, arratsaldeko 7etan; sarrerak Iratxo-n daude salgai.

Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazio garaikidea da Joserra Senperena eta Piter AnsorenarenEuskal Danbolinaren Aroak” kontzertua.

2006an “Chillida-Lekutik” argitaratu ondoren eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakon eta artatsua borobilduz, haren emaitza liluragarria da bi euskal musikariek, bata danbolinean eta bestea pianoan, etzi, urtarrilak 8, arratsaldeko 7etan, Herriko Antzokian eskainiko dutena.

Danbolina, esku bakarrez jotako txilibitua eta beste eskuaz astindutako danbortxoa alegia, XII. Mendean Europako txoko ezezagun batetan asmatu eta berehala inguruko herrialdeetara hedatutako tresna da. Ehundaka urte hauetan arrakasta eta ospe handienaren gozamena eta era berean, ahanztura eta desprezio artistiko latzena jasan izan ditu. Ibilbide historiko eruditu eta pizgarri baten bitartez Piter eta Joserrak, soiltasun handiz, doinuen muinera ailegatzen dira, bere esentzia puruena eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urruman ia arrotza zaigun edertasun txundigarriaz azalarazten digute emanaldi honetan. Dialogo emankor honen 12 lagin moduko doinu hauetan 1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jaio girorako moldaketak, euskal tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo esperimentazio freskagarriak aurkitu ahal izango ditugu.

Joserra Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, horietako batzuk Jose Ignazio Ansorena eta Rafael Berrio musikariekin partekatuta, baita beste diziplinatako artistekin ere: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazar. Oraingoan, zinema musika konposatzeari eskaintzen dio denbora, nagusiki. Josu Martinez, Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo Almandozen filmen soinubandak konposatu ditu. Udazken honetan egindako azkena estreinatuko da, Ritxi Lizartzak zuzendutako "Apaiz kartzela”.

Jose Ignazio “PIter” Ansorenak, ordea, herri musikari dedikatu dio nagusiki bere jarduna. Bere ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika alorretik kanpo da agian ezagunagoa bere pailazo eta showman fazetatan. Edozein erara, bere ibilbide musikala guztiz aparta da ere 1979an Donostian ospatutako I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren garaile bilakatu zenetik gaur arte.  Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da hainbat urtez eta katedra baten jabe da. Txistuaren afinaketa tekniken ikerkuntza eta pedagogia inor baino sakonago landu ditu, erreferentziazko gida liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen ikertzaile nekaezina izan da urte guzti hauetan. Bakarlari gisa edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin hainbat disko plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo Alvaro Cendoya piano jotzaileekin ere.

Kontzerturako sarrerak Iratxo-n eskuratu daitezke, aurrez, 5 euroan; eta leihatilan egunean bertan.

Antzokira sartzeko ezinbestekoa izango da COVID-19 pasaportearen jabe izatea.