Aratosteetako koreografia erakustaldia

Aratosteetako koreografia erakustaldia

2018/01/17
Koreografia erakustaldia antolatu du Kultura Batzordeak aratosteetako egitarauaren barruan; iaz bezala erakustaldia antolatzeko laguntza eskatu zaie gurasoei.

Urte askoan zehar dantza edo koreografia lehiaketa antolatu izan du Udaleko Kultura Batzordeak aratoste jaietako martitzenean.

Ikuskizun polita izaten da, jendetsua, erritmo eta kolore askokoa, aratosteetako egitarauari ekarpen interesgarria egiten diona.

Nolanahi ere den, lehiaketa arazo askoren iturri ere izan da urteetan, hainbat taldetan arazoak sortzen zituelako haurren arteko harremanetan, taldeak egiteko garaian batez ere, lidergoak azaleratu eta hainbat haur parte hartu ezinda gelditzen zelarik.

Arazoak urtero errepikatzen zirela ikusita, iaz gauzak beste era batera antolatzea erabaki zen, ekintzak zuen lehiakortasuna leundu eta era horretara arazoak gutxitzeko helburuarekin.

Honela, lehiaketa izatetik erakustaldi izatera pasa zen eta gurasoen laguntza eskatu zen parte hartzen zuten taldeak kudeatzeko eta taldeetan sor zitezkeen arazoak bideratzeko.

Iazko esperientzia ona izan zela ikusita, aurten ere sistema berbera erabiltzea proposatu du Kultura Batzordeak.

Horretarako, baina, ezinbestekoa da taldeak kudeatzeko gurasoen laguntza izatea eta, horregatik, deia egin zaie gurasoei beren seme-alaben taldeak kudeatu edo gestionatzen lagundu dezaten, entseguetan lagunduz, kanta eta mozorroa aukeratuz, prestatzen lagunduz….

Taldeak, iaz moduan, gelaka egingo lirateko, izenak ikastetxean emanez.

Baina horretarako ezinbestekoa da guraso talde bat laguntzeko prest egotea.

Gurasoek ostirala arteko epea dute ikastetxearen bitartez banatu den orria betez izena emateko.

Izena ematen duten gurasoekin bilera egingo da datorren astelehenean, hilak 22, arratsaldeko 6etan udaletxean, jasotako erantzunak baloratu eta aurten erakustaldia aukeratzeko aukerarik dagoen aztertzeko.