AROA planaren herri aurkezpena eta Korrikako peto banaketa egingo da eguaztenean
Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan, eguaztenean, martxoak 18, Soraluzen euskara biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plan berriaren aurkezpena egingo da. AROA izena du eta datozen hamar urteetarako, 2025-2034 urteetarako, hain zuzen ere, aurreikuspena du. Ondoren, Korrikako petoen banaketa egingo da Plaza Zaharrean.
Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko hamar urterako plana
Herritar eta eragileekin landutako prozesuan osatu den euskararen plan estrategikoak AROA izena du eta 2025-2034 urteetarako dago aurreikusita.
Eguazteneko aurkezpen ekitaldian, euskarari dagokionez Soraluzeren egoera zein den azaltzeko zenbait datu esanguratsu emango dira, baita 10 urtean lortu nahi denaren berri eman ere, eta horretarako gako nagusiak eta lehentasunak zeintzuk izango diren azaldu. Izan ere, hamar urterako osatutako ekintza-planak sei ardatz estrategiko, hamahiru erronka nagusi, hogeita bost neurri eta hirurogeita bederatzi ekintza jasotzen ditu.
Prozesu partehartzailea abiapuntu
AROA plana herritarren parte hartzearekin osatu da eta talde eragile bat ere badu.
Prozesuaren hasieran, aurreko planaren balorazioa egin zen eta Soraluzeko euskararen egoeraren diagnostikoa osatu zen; horretarako, Elhuyar elkartearen aholkularitza izan zen.
Ibilbidean, 217 herritarren galdetegiak jaso ziren, aurrez aurreko hainbat elkarrizketa egin ziren askotariko herritarrekin (merkatariak, gazteak, helduak, kirol-taldeak, pertsona migratuak…) eta hiru parte hartze saio egin ziren. Saiootan, diagnostikoa kontrastatu, erronka eta lan-ildo estrategikoak erabaki, ekintzak zehaztu eta planaren garapenerako antolamendua ezarri ziren. Gainera, haur eta nerabeen kontseiluetan ere landu zen plana, beraien ekarpenak aintzat hartzeko.
Behin lan hori eginda, AROA izeneko talde eragilea osatu zen planaren jarraipena bermatzeko eta epe ertaineko ekintzak diseinatzeko. Bertako kide dira Soraluze BHI, Plaentxi Herri Eskola, AEK, Atxolin eta Keixeta Guraso elkarteak, Pil Pilean euskaltzaleen elkartea eta Udala. Haiek aurkeztuko dute plana eguazteneko ekitaldian.
AROA talde eragileak herritar guztiak animatu nahi ditu martxoaren 18an, eguaztena, arratsaldeko 18:00etan Plaza Zaharrean egingo den aurkezpen ekitaldira.
Korrikako peto banaketa
Aurkezpenaren ostean Soraluzen 24.korrikako lekukoa eramango duten herri eragile guztiekin peto banaketa egingo da.