Ate irekiak, aldaketak eta bazkidetze kanpaina Katamarran ume-txokoan
2024ko apiriletik dago martxan Katamarran ume-txokoa, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako espazio hezitzailea. Herriko txikienek aisialdirako zituzten aukera eta baliabideak aztertuta, haien beharrizanei erreparatu eta erantzuteko helburuarekin jarri zen martxan. Lokala Etxaburueta kaleko 3. zenbakian (Itxaropena jubilatuen etxearen alboan) kokatua dago, eta bertan txikienek gozatzeko moduko espazio estali eta goxo bat dago, haien adin eta ezaugarrietara egokitutako material ugarirekin.
Ireki zenetik, 42 familiak eman du izena eta 47 umek parte hartzen du bertan.
Aldaketak urte berrirako
Abenduaren 11n egindako batzar orokorrean, Katamarran haur-txokoko talde eragileak ikasturte honetara begira egingo dituzten aldaketak aipatu ditu. Alde batetik, Katamarraneko adin tartea urtebete luzatzea erabaki da. Aurrerantzean, beraz, 0-5 urte bitarteko ume eta familientzat zabalik egongo da ume-txokoa. Arreta berezia jarriko zaio egoera berriari eta datorren ikasturtean berrikusi egingo da.
Bestetik, 2026an zehar egingo diren ekintzetako batzuk aurreratu ditu talde eragileak. Horien artean, ate irekiak, masaje eta kantu tailerra, zirkomotrizitate tailerra eta familiendako hitzaldi edota formakuntzak antolatuko dira:

Espazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera
Barixakuan, urtarrilak 16, arratsaldeko 16:45etatik 19:00ak bitarte eskainiko da Katamarran ume-txokoan ate irekien saioa. Familiek gune hezitzailea ezagutu ahal izango dute, aurrerantzean erabiltzen jarraitzeko izena eman eta giltzak eskuratu.
0 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familia guztiei irekia dago Katamarran ume-txokoa eta talde eragileak guztiak animatu nahi ditu herrian sortu den estalpeko gune goxo eta hezitzailea erabiltzera.
Bestelako argibiderik behar izanez gero, Katamarran ume-txokoko kudeaketaz arduratzen den talde eragilearekin harremanetan jar daiteke:
- Telefono zenbaki honetan, Whatsapp edo Telegram bidez: 676121578
- Helbide elektroniko honetara idatziz: katamarranumetxokoa@gmail.com
