Atxuri kaleko luiziaren azken-ordukoa
Plaentxia.eus

Atxuri kaleko luiziaren azken-ordukoa

2024/03/17
Teknikoek lehenbiziko balorazioa egin dute luizia aztertuz. Bihartik aurrera, semaforo bidez, goiko sahiesbidea ahalbidetuko da bi noranzkotan.

Gaur, igande goizez, ikerketa geoteknikoak egiten dituen enpresa bateko teknikariak izan dira luizia aztertzen. Lehen begiratu baten esan dute ez duela ematen arazo estrukturalik dagoenik, baina luizia goitik behera garbitzen den heinean ikusiko dela benetako egoera zein den. Hori horrela izanda, udalak bihar bertan jarriko ditu martxan garbiketa lanak egiteko kontratazio prozedurak.

Gobernu taldeak adierazi duenez “hasiera baten ez dirudi larritzeko moduko egoera baten aurrean gaudenik, baina era berean, pazientziz eta tentuz egin beharreko garbiketa lan baten aurrean aurkitzen gara”.

Egoera honek, soraluzetarron egunerokoan ahalik eta gutxien eragiteko, udalak semaforo sistema bidez bi norantza ahalbideratuko ditu saihesbidean, bialean. Autoentzat astelehenean zehar egongo da erabilgarri. Autobusak aldiz, asteartean hasiko dira egokitzapena baliatzen. Horrela autobus geraleku guztiak, herri barruan kokatuko direlarik.

Oraingoz ezin da jakin zenbat iraungo duen egoera honek, baina gobernu taldeak honakoa azpimarratu du: “Ahaleginduko gara ahalik eta azkarren egoera bideratzen, baina esandako moduan lanak ondo egin ahal izateko beharrezko denbora hartuko dugu”.