Atzoko erailketa matxista gaitzetsi du Soraluzeko Udalak

Atzoko erailketa matxista gaitzetsi du Soraluzeko Udalak

2023/05/17
Soraluzeko Udalak gogor salatu eta gaitzetsi du Orion emakume bat erail izana eta emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla adierazi du.

Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakutsi du Lourdesen hilketaren aurrean, senarrak bere buruaz beste egin aurretik bizia kendu baitzion.

Soraluzeko Udalak gogorarazi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen baita horien hazkuntza.

Emakumeen aurkako indarkeria, forma guztietan (psikologikoan, ekonomikoan, fisikoan, sexualean), emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasunaren ondorio, eta haien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriz ere  erakundeek eta euskal gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu etorkizuna diren gure herritar gazteenekin.

Hori ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa da. Denok nahi dugun berdintasun hori lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu.

Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna adierazten du, eta herritarrei dei egiten die Plaza Berrian gaur, maiatzak 17, arratsaldeko 7etan, egingo den gaitzespen-kontzentrazioan parte har dezaten.